Larrikiki gaixo dauden presoak etxeratzeko eskatu dute berriro ere Ondarroan
Eguraldi txarra tarteko, aurrez antolatutako ekimenak bertan behera geratu ziren. Gaixotasun larriak dituzten presoek bizi duten eskubide urratze egoera salatzeko deialdia aurrerago egingo dute berriro.
Lea-Artibaiko Sarek deituta, larriki gaixo dauden presoak etxeratzeko eskatzeko ekimena egin zuten domekan [urriak 20], Ondarroako Alamedan. Ekimenean, berez, larriki gaixorik dauden presoen errealitatea bistaratzeko ekimenaz egiteaz gain, giza katea ere egiteko asmoa zuten, baina eguraldi txarra tarteko, ezin izan zuten bat zein bestea egin. Horren ordez, eta euri zaparradari aurre eginez, ordu laurden inguruko elkarretaratzea egin zuten Alameda batu zirenek.
Antolatzaileek azaldu dutenez, gaixotasun larriak dituzten presoek bizi duten eskubide urratze egoera salatzeko deialdia aurrerago egingo dute. Larriki gaixo dauden presoak etxera! leloa duen anbulantziak, hortaz, beste baten egingo du geldialdia Ondarroan.
Elkarretaratzean, Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak idatzitako Bertan bertan olerkia irakurri zuten. Olerkiak dioenaren arabera, gaixoak maite duenarekin egon behar du. “Ez da hain zaila ulertzeko, Neanderthalek ere ulertzen zuten”.
Manifestua ere irakurri zuten Alamedan batutakoen aurrean. Nabarmendu zutenez, gaur egun 21 dira larriki gaixo diren euskal presoak; horien artean dago Ibon Iparragirre Burgoa preso politiko ondarrutarra ere. “Preso hauek pairatzen duten gaitzari aurre egiteaz gain, ezohikoa den espetxe politika bati ere egin behar diote aurre, espetxeak berak osasunaren zaintzari dagokionean sortzen dituen zailtasunei, bestelako batzuk gehituz”.
Agertu zutenez, euskal presoei ezartzen zaien salbuespenerako espetxe politikak isolamendua, zigorraren luzapena eta urrutze politikak preso dagoen pertsonaren osasunean eragin zuzena dute. “Ezegonkortasuna, arazo psikologikoak, antsietatea, harremanak garatzeko arazoak… sortzen ditu. Gaixo diren presoen kasuan, gainera, gaixotasunari aurre egiteko aukerak murrizten ditu, gertukoen babesa, bizi baldintza duinak edota konfiantzazko medikuen jarraipena ez izateak eragin zuzena du”.
Gaineratu zutenez, espetxeek ez dute behar bezalako osasun zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen. “Osasuna pertsona guztiei dagokien eskubidea da, baita preso diren pertsonena ere. Ezin dugu segurtasun politiken aitzakiapean presoen oinarrizko eskubideak zapaltzen dituen politikarik onartu. Preso orok konfiantzazko mediku edo psikologo baten laguntza jasotzeko eskubidea du”.
Gogorarazi zutenez, salbuespen politika desagertzen ez den bitartean larriki gaixo diren presoak “heriotzara kondenatuak” izaten ari dira. “Horren erakusle da, orain artean preso hauen etxeratzea soilik gaixotasunak atzera bueltarik ez duenean eta sendaezina denean gauzatu izana. Horregatik, dei egiten dizuegu aldarriarekin bat egitera, espetxea ere gure gizartearen zati izanik, guztion ardura baita larriki gaixo diren presoek bizi duten muturreko egoera aldatzea”.