Milaka herritarrek protesta egin dute Donostian, erabakitzeko gaitasunaren eske
Kataluniako buruzagi sozial eta politikoei guztira ezarritako 100 urteko espetxe zigorraren harira, mobilizazio nazionala egin dute Donostian, "epaiketa bidegabea eta haren ondorio larriak" salatzeko.
Manifestazioak oihartzun handia eduki zuen. Kataluniako buruzagi sozial eta politikoen aurkako epaia salatu eta oinarrizko eskubideen defentsan, milaka euskal herritar batu ziren Donostiako kaleetan zehar, Askatasuna. Erreferenduma ez da delitua lelopean.
Manifestazioaren buruan joan ziren Josu Etxaburu eta Amalur Alvarez Gure Eskuren bozeramaileak. Eurekin batera eraman zuten pankarta Lluis Llachek, Carlos Garaikoetxeak, Gema Zabaletak, Anari Alberdik, Fermin Muguruzak, Jule Goikoetxeak, Xabier Euzkitzek, Bel Pozuetak, Fermi Rubiraltak eta Irantzu Perellok.
Euskal erakundeetako kideen eta eragile politiko eta sindikalen ordezkaritza zabal batek ere parte hartu zuten protestan. EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdietako ordezkariak, LAB, ELA, Steilas eta hainbat sindikatuetako kideak eta beste hainbat ezagunek ere parte hartu zuten.
Esteladak, ikurrinak zein euskal presoen etxeratzearen alderako banderak nagusi izan ziren protesta Antiguako tunelean hasi zen, eta Donostiako hainbat kale zehartuko ondoren, Bulebarrean amaitu zen. Mobilizazioa jendetsua izateaz gain, zaratatsua ere izan zen. Etengabe entzun ziren Gure Eskuko kide eta boluntarioek ibilbidean zehar banatutako txilibituen hotsak.
Aldarrikapen ugari ere oihukatu zituzten herritarrek: Independentzia; Katalunia aurrera; Preso politikoak, askatasuna; Erreferenduma ez da delitua; Altsasukoak askatu eta Presoak kalera, amnistia osoa izan ziren kalerik kale gehien entzun ziren oihuak.
Bulebarreko kioskoan batuta egin zuten manifestazioaren amaierako ekitaldia. Bederatzi herritarrek oholtzara igota Dolors Bassa, Carme Forcadell, Jordi Cuixart, Joaquim Forn, Oriol Junqueras, Raul Romeva, Josep Rull, Jordi Sanchez, eta Jordi Turull zigortutako buruzagi kataluniarrek epaiketan egindako testigantza zati bana gogora ekarri zuten.
Jarraian, Josu Etxaburu eta Amalur Alvarez Gure Esku dinamikaren bozeramaileek mobilizazioaren harira igorritako manifestua ezagutara eman zuten. Katalan ordezkari independentisten aurkako “estatu epaia” salatu zuten hasieratik.
Bozeramaileen iritziz, injustizia erraldoi baten aurrean gaude. “Benetako justiziarekin zerikusirik ez duen, eta ereduzko izan nahi duen zigor baten aurrean. Aurrekaririk gabeko kriminalizazio baten aurrean gaude, non jopuntuan jarri diren gizartearen mobilizazioak, protesta masiboak, disidentzia politikoa, desobedientzia zibila, baita autodeterminazio eskubidea eta erabakitzeko eskubidea ere. Onartezina da, eta geldiarazi egin behar da kriminalizazio hau, geldiarazi inboluzio hau”.
Katalunian zein Euskal Herrian, konponbide demokratiko bat behar dela ere gogorarazi zuten. “Herritarrek euren etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izatea aintzat hartuko duen konponbidea. Gure erabakitzeko gaitasuna gurea da, eragotzi dezakete, baina ezin digute kendu. Herritarrok sortzeko eta amesteko dugun gaitasuna ere gakoa da garai konplexu hauetan. Jendearen ahalmenean sinisten dugu. Herritarron garaia da. Ahalduntzeko garaia”.
Lluis Llach abeslari katalanak egin zituen ekitaldiko azken adierazpenak. Borrokan jarraitzen deia egin zuen. Musikariak nabarmendu zuenez, ez da Kataluniako herriaren auzi bat, ezta independentismoarena ere. “Askatasunen eta demokraziaren auzia da. Sententzia honek suntsitu egin ditu lehendik genituen askatasun apurrak”. Bulebarrean batutako herritarrekin batera L’ Estaca abestuaz amaitu zuten ekitaldia.