Espeleologia izango du ardatz Markina-Xemeingo hirugarren Mendi Asteburuak
Urtez urte egonkortzen joan diren ekintzak mantendu eta berriak antolatu dituzte mendizaletasuna sustatu asmoz. Besteak beste espeleologia irteera egongo da zapatuan.
Eguenetik [urriak 24] domekara [urriak 27] bitartean, mendiaz, eta batez ere, espeleologiaz lotutako era askotako ekintzak egongo dira aukeran Markina-Xemeinen. Izan ere, espeleologia izango du ardatz aurten, mendizaletasuna sustatzea helburu, Artibai Mendigoizale Taldeak Markina-Xemeingo Udalaren laguntzarekin eta Leaktibai, Herribixi eta Antsotegi Hotelaren babesagaz hirugarren urtez prestatu duten Mendi Asteburuak. Guztiak doan izango dira Mendi Tourreko filmen emanaldia ezik.
Azken aldian, ADES espeleologia taldekoak Lea-Artibai eskualdeko kobazuloetan aurkikuntza ugari egiten ari direla azpimarratu dute antolatzaileek. “Eskualdeko jende asko lan handia egiten ari da, eta altxor ugari aurkitu dituzte. Urregarai eta Bedartzandi inguruetan aurkikuntza berriak egiten ari dira eta horiek guztiak ezagutzeko aukera edukiko dugu”. Horretarako, lehen ekintza modura, proiekzio bat emango dute eguenean [urriak 24], 19:00etatik aurrera, Markina-Xemeingo Kontzekupean. Eskualdeko kobazuloetako argazkiak erakutsiko dituzte eta aurkikuntzen berri emango dute. “Gutxi dira kobazuloetara sartzen direnak eta barruan dagoena miresteko aukera daukatenak, eta orain, ikusitakoa beste guztiokin partekatuko dute”. Argazki ikusgarri asko ikusi ahalko direla aurreratu dute.
Barikuan [urriak 25], berriz, Antsotegi Hotelekoek eta Leaktibaikoek antolatutako hitzaldia eta proiekzioa egongo dira 19:00etan Etxebarriko Antsotegi Hotelean. Hizlaria Josu Zeberio espeleologo ondarrutarra izango da, eta Zeberiok Pirinioen bihotzera egindako espeleologia espedizioaren berri emango duela zehaztu dute. “Nafarroa Garaiko ipar-ekialdean dagoen Larrako mendigunean egin dituzten jarduera espeleologikoak kontatuko ditu. Ingurune horretan aurkitzen da esate baterako Euskal Herriko leizerik sakonena, Ilaminako ateak izenekoa”.
Espeleologiagaz jarraituz, irteera bat ere egingo da zapatu arratsaldean [urriak 26] Gizaburuagako kobazulo batera. Irteera 12 urtetik gorakoei zuzenduta dago, eta parte hartzeko izena eman behar da, aldez aurretik. Horretarako hiru aukera eman dituzte: Alde batetik, Artibai Mendigoizale Taldearen lokalean izena ematea eguaztenean 20:00etatik 21:00etara, bestetik Loirats dendan izena ematea, eta azkenik, 645 006 312 telefono zenbakira deitzea. “Kobazulo barruko ibilaldia ordu bete ingurukoa izango da, eta guztiz interesgarria da bisitatzeko. Erreka bat ere igaro behar da esaterako”. Hori dela eta, arropa erosoak eta zikintzeko modukoak eramatea gomendatu dute.
Orientazio Ibilaldia. Domeka goizean [urriak 27] hainbat urtez Artibai Mendigoizale Taldeak antolatu duen Orientazio Ibilbidea egingo da, batez ere ume, gaztetxo eta gurasoei zuzenduta. Mapa bat eta pista batzuk eman eta herri inguruan kokatutako puntu jakin batzuetan probak bete beharko dituzte parte hartzaileek. Naturako puntu ezberdinak lotzen joango dira aurten. 10:00etan hasiko da ekimena, Arkupe aurrean. “Bide erraza izango da, mundu guztiak egiteko modukoa”. Lasai joanda, gutxi gorabehera ordu erdiko ibilaldia izango da.
Jadanik egonkortuta dagoen beste ekintza bategaz emango zaio amaiera aurtengo Mendi Asteburuari. Gazteei edo abentura kirolzaleei begira mundu mailan erreferente den Mendi Tour, Bilbo Mendi Film Festibaleko pelikula aipagarrienen proiekzioa prestatu dute aurten ere. 2018ko jaialdiko hiru film ikusi ahalko dira 18:30ean Esperantza Aretoan, eskaladari lotutakoak izango dira bi eta mendiagaz lotura duena hirugarrena:
The Search for the Wooo (Austria, 2018). Marten Persiel zuzendariaren 11 minutuko filma. Film labur originala, dibertigarria eta psikodeliko bezala deskribatu dute. David Lama eskalatzaile eta alpinista ezagunak eta bere lagunek mendiak alde batera utzi eta surfa eta psicobloc-a egingo dituzte Eskozian. Kepa Acero surflari ezaguna ere tarteko da.
Up To Speed (AEB, 2018). Peter Mortimer, Zachary Barr eta Nick Rosen zuzendarien 20 minutuko filma. 2020ko Jokoetan eskalada kirol olinpiarra izango da, mugarri garrantzitsua kirol horretarako. Ezustea izan zen jakitea domina lortzeko modalitate konbinatuetako bat abiadura izango dela. Diziplina horrek sekulako debozioa du Asian. 15 metroko horma bat sei segundo baino gutxiagoan eskalatzeko gai dira abiaduraren deabruak.
This Mountain Life (Kanada, 2018). Grant Baldwin zuzendariaren 77 minutuko filma. Martina eta bere ama Tania, 60 urtekoa, sei hilabeteko eski-zeharkaldi batean menturatuko dira, Kanadako mendebaldeko kostaldeko mendi arriskutsuetan barrena. Paraje harrigarriez gain, euren abenturan itzal handiko pertsona liluragarriekin egingo dute topo.
Sarrerak 5 euro balioko ditu, eta 18:00etatik aurrera eskuratu ahalko da, egunean bertan, Esperantza aretoaren sarreran.