Kepa Arrizabalaga, Munduko Atezain Onenaren Saria jasotzeko hautagai
Saria aurten sortu du ‘France Football’ aldizkariak. Abenduaren 2an Parisen egingo dute sari banaketa. Argitu dutenez, sariak Urrezko Baloiaren kategoria eta garrantzia bera dauka.
Kepa Arrizabalaga Revuelta Erresuma Batuko Chelsea taldeko atezain ondarrutarra Munduko Atezain Onenaren saria (Yachin Saria) jasotzeko hautagaietako bat da. Saria France Football aldizkariak ematen du. Abenduaren 2an jakingo da nor den irabazlea; Parisko Chatelet antzokian egingo da sari banaketa.
Arrizabalagagaz batera, ondokoak dira saria jasotzeko beste hautagaiak: Jan Oblak (Atletico Madrid), Samir Handanovic (Inter), Hugo Lloris (Tottenham), Alisson Becker (Liverpool), Manuel Neuer (Bayern Munich), Ederson (Manchester City), Andre Onana (Ajax) eta Wojciech Szczesny (Juventus).
Munduko Atezain Onenaren saria banatzeaz batera, ondoko sariak ere banatuko ditu France Football aldizkariak: Gizonezkoen Urrezko Baloia, Emakumezkoen Urrezko Baloia eta Etorkizuneko Jokalariari Saria.
Zehaztu dutenez, Arrizabalagak jaso ahal duen saria aurten sortu dute. «Urrezko Baloia Saria jokalariek bakarka mundu mailan irabazi ahal duten saririk garrantzitsuena den modura, Munduko Atezain Onenaren Sariak ere kategoria bera dauka.
Epaimahaia mundu osoko kirol kazetari batzuek osatuko dute. «Sari guztiak epaimahai berak erabakiko ditu».