Mutriku eta Deba lotzen dituen Alkoleako tunela alderik alde zulatzea amaitu dute
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak azpimarratu duenez, Mutriku-Deba errepideko obraren azken fasean sartu dira.
106 metroko luzera duen Alkoleako tunela erabat zulatuta gelditu da gaur [urriak 22] goizean bertan. Mailu pneumatikoaren laguntzarekin hondeatu dituzte tunelaren arbel harrizko azken metroak. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak ere Mutriku eta Deba lotzen dituen GI-638 errepideko obrako gune esanguratsuenetako bateko azken lanak bertatik bertara ikusteko aukera eduki dute.
Olanok adierazi duenez, Alkoleako tunela errepideko lanen puntu garrantzitsuenetako bat da. “Tunel honekin puntu honetako ibilbidea nabarmen hobetuko da, eta Alkoleako muturra alde batera utziko dute gidariek”.
Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, Alkoleako tunela zulatzea amaitzearekin batera, Mutriku-Deba errepideko obraren azken fasean sartu dira. Gaur lanen jarraipena egiteko Mutrikura egin duen bisitan, gainera, obra martxa onean doala eta aurreikusitako egutegia betetzen ari direla esan du Olanok. Jakitera eman duenez, beste lau edo bost hilabetetan amaituko dituzte lanak. “Obra azken fasean sartuta, eta ezustekorik ezean, otsailean amaituko dituzte lanak”.
Obraren beste gune korapilatsuenetako bat ere aipatu du Olanok. Hondarbeltz inguruan dagoen Ipitxarriko lanen zatia ere nahikoa aurreratua dagoela jakitera eman du. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak zehaztu duenez, lurren mugimendua ia amaituta dago Ipitxarrin eta tunelaren barruko indusketak ere ez du luze joko. “Egiturak oso aurreratuak daude, asko amaituta, eta tunel barruko lanak amaitzen direnean, arekak, barandak, kanalizazioak, argiztapena… eta antzeko lanak geldituko dira egiteko”.