Altsasuko gazteei elkartasuna adierazteko Iruñean egingo duten manifestaziora joateko autobusak antolatu dituzte
Altsasuko zazpi gazteei babesa adierazteko manifestazioa egingo dute zapatuan [urriak 26], eta Markina-Xemeindik, Ondarroatik (Mutrikun egingo du geldialdia) eta Aulestitik autobusak aterako dira. Guztietan aldez aurretik izena eman behar da.
Altsasuko zazpi gazteei babesa adierazteko manifestazioa eta elkarretaratzea egingo dute zapatuan [urriak 26] Iruñean. Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiarekin ados ez daudela salatzeko deitu dute manifestazioa Altsasuko Gurasoek. Eta hara joateko autobusak antolatu dituzte Lea-Artibaitik eta Mutrikutik.
- Markina-Xemeindik 14:45ean aterako da autobusaa, baina aldez aurretik izena eman beharko da, Txokoan.
- Ondarroatik 14:30ean aterako da autobusa, Zaldupetik. Aldez aurretik, Kulixkan, Anaitasunan edo labur.eus/busaondarru helbidean eman daiteke izena. Autobusak Mutrikun egingo du geldialdia, 14:45ean, biribilgunean. Mutrikuarrek Zubixan eman ahal dute izena.
- Aulestitik 14:30ean aterako da autobusa, Torrezelaitik. Izena Ubilla tabernan eman behar da, bihar gabera arte.
Hau ez da justizia lelopean, Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean hasiko dute elkarretaratzea 17:00etan, eta “duintasunaren martxari” ekingo diote jarraian: Sententzia desmontatuz, Altsasutik Iruñera. Aurretik, ordea, 16:30etan Antoniutti parkean egingo diote harrera Altsasuko Gurasoei.
Espainiako Auzitegi Gorenak urriaren 9an ebatzi zuen epaia, eta zigorrak murriztu badizkiete ere, espetxean jarraitu beharko dute: hiru urte eta erdi eta bederatzi urte eta erdi arteko zigorrak ezarri dizkie epaileak, 2016ko urriaren 15ean herriko taberna batean Guardia Zibil batzuekin eta euren bikoteekin izandako iskanbila baten ondorioz. Agenteen kontrako atentatua, lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak leporatzen dizkiete.