Rakel Elu Bengoetxea: "Zubilanak egin ditut langile eta politikarien artean"
2015 urtean hautatu zuten Elu lehendakari. Ordutik, gizarte eta ingurumen arloetan buru-belarri lan egin du, mankomunitatea indartuz. Eguenerako [urriak 31] iragarri dute lehendakari berriaren izendapena, 17:30ean izango da ekitaldia.
Zein da agintaldiko lau urte hauetako balorazio orokorra?
Mankomunitatera iritsi nintzenean, 2015ean, proposamen jakin batzuk ekarri nituen, baina helburu nagusia deszentralizazio prozesu bat martxan jartzea izan zen. Hau da, mankomunitatearen langileak herritarrengana hurbilaraztea, eta ez herritarrak guregana laguntza eske etortzea, orain arte izan den bezala. Lortu dugula uste dut, izan ere, gizarte zein ingurumen arloan aurrerapauso handiak eman ditugu. Mankomunitate indartsua bilakatu da gurea.
Zein izan da helburua betetzeko gako nagusia?
60 bat langilek osatzen dute Lea-Artibai Amankomunazgoa, eta banan-banan zein taldeka beraiekin pertsonalki egoten saiatu naiz. Oso lan garrantzitsua egin dute, goraipatzekoa. Langileak, azken finean, pertsonak dira, herritarrak. Beraien arazoak entzun eta konponbideak bilatzerakoan talde lanean egin dugu lan beti. Mahai negoziatzaileak eratu ditugu aldiro-aldiro. Plangintza asko adostu ditugu ikuspegi politiko desberdina dutenekin. Azken finean, zubilanak egin ditut langile eta politikarien artean.
Hondakinen kudeaketa izan da agintaldiko egitasmo izarra. Nolako eragina izan du?
Ingurumen arloan buru-belarri egin dugu lan lau urte hauetan. Gai oso garrantzitsua izan da, eta lortu ditugun emaitzak aipatzeko modukoak dira. Hondakinen kudeaketa sistema berria ezarri dugu, herritarrei erraztasunak jarriz. Gune mugikorrak jarri ditugu herriz herri era guztietako zaborrak biltzeko. Ez bakarrik produktu organikoak eta plastikoa, baizik eta bestelako traste zaharrak, etxetresna elektrikoak, bonbonak, pilak, botikak eta radiografiak, tapoiak, CDak zein produktu berezi eta arriskutsuak ere. Mankomunitateak Merelludin duen instalazioan sailkatzen ditugu. Etxetresna elektrikoak gainera, dendariek propio ekartzen dizkigute , hitzarmen berezi bat sinatu baitugu. Hala, guk ziurtatzen diegu hondakin horiek kudeaketa egokia izango dutela. Inguru honetan ez dago kudeaketa hau egiten duen beste mankomunitaterik. Bilbo aldera joan beharko ginateke.
Zergatik da horren garrantzitsua kudeaketa egokia egitea?
Helburua errefusari zaborra kentzea da, ahalik-eta garbiena edukitzeko. Zenbat eta errefusa gutxiago izan gutxiago erreko da. Errefusa erretzeak ondorio larriak dakartza, minbizia, adibidez. Baina urte hauetan egin dugun lan honek ez du zentzurik jarraipenik ez badauka.Horregatik, agintaldi berrian gure egitasmoek jarraipena izan dezaten eskatzen dugu.
Poltsa konpostagarriekin arazoak izan dituzue. Nolako erantzuna eman diozue?
Zortzi urtetarako kontratua sinatu genuen, eta poltsa kopuru jakin bat aurreikusi genuen, baina guk esperotakoa baino harrera hobea izan du egitasmoak. Kontratu hori bukatu egin da, eta berri bat sinatu berri dugu. Poltsak doan eskaintzen jarraituko dugu, orain arte bezala, baina momentu honetan ez daude makinetan trantsizio prozesu batean gaudelako. Bi aste barru espero dugu poltsak makinetan eta eskualdeko udaletxeetan eskuragarri egotea. Nahi baino gehiago luzatu zaigu trantsizio prozesu hau.
Gizarte zerbitzuak ere landu dituzue. Zein izan da erronka?
Premia, dependentzia edota bazterkeria pairatzen duten pertsonei arreta eskaintzea, batez ere. Lan handia egin dugu, behar dutenek duintasunez bizitza aurrera atera dezaten. Herritar bakoitzak gizarte langile bat izatea ezinbestekoa da, sendagileekin gertatzen den bezala. Horregatik, herriz herri, kaleka egin dugu banaketa. Gainera, lortu dugu gradu bateko zein besteko dependentzia izan, pertsonek dagokien egoitzetan toki bat bermatuta izatea. Emakumeen etxe bat ere martxan jarri dugu, bortxakeria kasuetan, adibidez, bertara zuzentzeko. Eta Durangaldeagaz hitzartuta, bazterkeria pairatzen dutenentzako gaueko etxe zerbitzua ere abiatu dugu. Azkenik, aldundiaren zein udaletako laguntzekin Gababusa indartu, eta hezkidetza zein adikzioen prebentzioa landu ditugu, arreta psikosoziala eskainiz.