Jokoaren bidez plazaratu dute Aulestiko ondarea
Arrakastaz ospatu da Aulestiri buruzko Ezetz Igerri! lehiaketa. Ume, gazte eta helduak batu ditu ekimenak.
Ezetz Igerri! Aulestiri buruzko lehenengo lehiaketa ospatu zuten atzo [urriak 25] aulestiarrek Europako Ondarearen Jardunaldien baitan. Arrakasta osoz ospatu zuten gainera. 22 taldeetako 66 parte hartzaileek ahalegin guztiak jarri zituzten Aulestiri buruzko galderak asmatzen, eta publikoak ere bat egin zuen ekimena txaloz eta animoz lagunduz.
Giro benetan ona izan zen nagusi Aulestiko Ondare Taldeak antolatutako ekitaldian. Herriko areto nagusia gainezka, goi eta behe, eta aurkezle lanetan Gema Mendieta. 19:30ak aldera zozketa egin zuten, talde bakoitzari zein aurkari eta zein kanporaketa zegokion zehazteko, eta hasi zen norgehiagoka.
Aulestiri buruzko era guztietako gaiak erantzun behar izan zituzten partaideek: herriko historia, pertsonaiak, hizkuntza, geografia, ingurua eta kirolari lotutakoak. Gai bakoitzetik galdera bat, batzuk errazak eta besteak zailagoak. Zein aulestiar izan da Hitzako zuzendaria edo eguzkiak zein baserritan jotzen du lehenengoz, adibidez. Eta, azkenean, final estu baten ostean, Kafeko Lagunek taldea izan zen irabazlea. 110 puntu eskuratuta geratu ziren txapeldun Libe Aranguena, Rosa Mari Uriguen eta Mari Loli Kobeaga.
Denak batera. Ondarea plazaratzea dute helburu aurtengo Europako Ondarearen Jardunaldiek, eta mahai jolas baten bidez herriko ondarea ezagutzera ematea zuten hasiera bateko asmoa aulestiarrek. Momentuz, aukera hori ezinezkoa zela-eta, formatua aldatu eta telebistako lehiaketa bat bezalakoa prestatu dute. Asmatu dute. Ekimenak, herriko ondarea modu entretenigarri batean ezagutzera ematea ahalbidetzeagaz gainera adin guztietako herritarrak batu ditu-eta. Lehiaketan parte hartu duten 22 taldeetako lagunen artean 12 eta 70 urte bitarteko herritarrak egon dira, eta atzo lehiaketa ikusteko batu zen publikoa ere adin tarte zabalekoa izan zen. Guztiek batera herriko ondarea ezagutu eta gozatu dute.
Etorkizunean mahai jokoa egiteko ideia ez dute alboratu, gainera. Horretarako helbide elektroniko bat ezarri dute herritarrek mahai jolas horretan zeintzuk galdera sartuko lituzketen proposatzeko: ezetzigerri@gmail.com. Galdera eta erantzuna bidali behar dira.