Lander Odiaga markina-xemeindarra bigarren jarri da Euskal Herriko Hiru Txirlo Txapelketan
Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu dute Iruzubietako bolatokian. 7 txirlo bota ditu Odiagak. Elgoibarko Xabier Loiola izan da gaurkoan ere nagusi.
70 bolari batu dira gaur [urriak 26] Ziortza-Bolibarko Iruzubietako bolatokian Euskal Herriko 30. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketako bigarren jardunaldia jokatzeko. Norgehiagoka estua egon da partaideen artean, txirlo kopuru bera botata berdinduta geratu dira lehenengo biak, hurrengo laurak eta ondorengo beste bost bolariak ere.
Azkenean, garaipena, Elgoibarko Xabier Loiolarentzat izan da (San Migel). Loiolak 7 txirlo bota ditu gaurkoan, eta, beraz, berak jarraitzen du txapelketaren sailkapen orokorraren buruan ere. Bere ondoren geratu da, bigarren postuan, Lander Odiaga markina-xemeindarra (MX3T). Odiagak ere 7 txirlo botatzea lortu du eta sailkapen orokorrean ere gorantz egin du, bigarren jarriz. 11 txirlo ditu jada Odiagak.
Iruzubietako jardunaldiko hirugarren postua Eibarko Bittor Ugartebururentzat (Asola Berri) izan da, 6 txirlogaz. Txirlo kopuru berberagaz geratu dira laugarren, bosgarren eta seigarren, Markina-Xemeingo Joseba Espilla (MX3T), Soraluzeko IƱaki Burunza (San Andres) eta Elgetako Sebastian Aranzabal (Elgeta).
Txapelketako hirugarren bolatokia Elgoibarko San Pedrokoa izango da. Datorren asteburuan atseden hartu ondoren, azaroaren 9an elkartuko dira bolariak bertan. Saio guztietan bezala, botaldia 17:00etan hasiko da.