Lekeitioko Garraitz irla argiztatu du Gure Eskuk
Kataluniari elkartasuna adierazteko egin dute ekimena. Gaztelugatxe, Anboto, Txindoki, Kortazar eta Deba ere argiztatu zituzten atzo gauean.
Lekeitioko Garraitz irla argiztatu zuten atzo iluntzean [urriak 25], Kataluniako prozesuko buruzagi independentista espetxeratuei elkartasuna adierazteko. Asko izan ziren, Lekeitioko Gure Esku-ren deiari erantzunez, ekimenean parte hartu zuten herritarrak. Horrela, argi ilara luzea osatu zuten Isuntza hondartza eta Garraitz irla lotuz.
Ekimen horregaz, “mezu argi bat” zabaldu nahi izan dute Gure Esku dinamikako kideek: erreferenduma delitua ez dela aldarrikatu. Eta mezu hori zabaltzeko “askatasunerako argien bidea” prestatu dute. Frontal eta linternen dirdirak argitu zuen Isuntzatik hasi eta irlarainoko bide luzea, eta argi ilara prestatutakoan alderdi ezberdinetatik atera zituzten argazkiak.
Garraitz irlagaz gainera, Gaztelugatxe, Anboto, Txindoki eta Deba ere argiztatu zituzten atzo gauean.
[ARGAZKIAK: Gure Esku]