150 motatako perretxikoak bildu eta sailkatu dituzte Mendexako Asteburu Mikologikoan
Zapatuko bilketan zein hitzaldian eta domekako erakusketa zein dastaketan jende askok parte hartu duela adierazi dute antolatzaileek.
Oso arrakastatsua izan da Mendexako Asteburu Mikologikoa. Zapatuan [urriak 26] perretxiko bilketagaz hasi zuten egitaraua. 08:00etan txokoan elkartu, eta irteeraren inguruko oharrak partekatu ondoren, plazatik atera ziren perretxiko bila. Garau asko hartu zituzten, eta 12:00ak orduko udaletxeko ganbarara joan ziren, bertan sailkapena egiteko. Jose Mari Ibarbia mikologia adituaren laguntzagaz sailkatu zituzten; 150 motatakoak guztira.
Perretxiko horiek –eta herritar batzuek euren kabuz eroandakoak– erakusgai jarri zituzten domekan [urriak 27], 11:00etatik 13:00etara bitartean. Ikusi ez bakarrik, horiek dastatzeko aukera ere egon zen, eta jende askok parte hartu zuen ekimenean. Antolatzaileak pozik daude emaitzagaz.