Espainiako Kopa irabazi du estreinako Ander Okamika triatleta lekeitiarrak
Eivissan lortutako garaipena ospatzeko, gaur [urriak 28] 20:00etan ongietorria egingo diote Lekeitioko udaletxeko eskaileretan.
Domekan [urriak 27] Eivissan (Balearrak, Herrialde Katalanak) lehiatu zen distantzia erdiko triatloia irabazi du Ander Okamika triatleta lekeitiarrak. Proban 360 parte hartzaile inguruk lehiatu zuten, eta horietan guztietan azkarrena izan zen ANB Triathlon taldeko kirolaria. Lau ordu baino gutxiagoan amaitu zuen; 3 ordu, 47 minutu eta 31 segundotan. Eta balear uharteetan lortutako puntuei esker, gainera, Espainiako Kopa irabazi du.
Eivissako kirol proba Espainiako Kopako azkena izan da. Kopako sailkapenean oso ondo kokatuta zegoen Okamika. Kopa sei probak osatzen dute, baina bertan puntuatzeko hiru probarik onenak hartzen dira kontuan. “Apirilean Sevillako triatloia 2. postuan amaitu nuen, eta ekainean Salamancakoan ere 2. egin nuen. Puntuatzeko proba bakarra falta zitzaidan, eta irabazteko, Eivissan bigarren edo lehen postua eskuratu beharra nuen”.
Triatleta lekeitiarra pozik agertu da lorpenagaz. Azaldu duenez, estreinako parte hartu du Espainiako Kopan, eta lidertza eskuratzea pozgarria dela azpimarratu du. “Kopako probaren bateren batean aurretik ere parte hartu izan dut, baina orain arte ez naiz joan lehiatzera”.
Lasterketa irabazteko faboritoen artean zegoen, eta ez du hutsik egin. Nagusitasun osoz irabazi du. “Urri guztian oso entrenamendu onak egin ditut, eta proba irabazteko aukeraren bat edo beste izango nuela banekien”. Emilio Aguayo bigarren sailkatuak baino 4 minutu eta 39 segundo arinago amaitu du proba. Pello Osoro eibartarrak, aldiz, hirugarren amaitu zuen proba, 6 minutu eta 13 segundora.
Triatletek 2 kilometro igerian, 85 kilometro bizikletan eta 21 kilometro egin behar izan zituzten korrika. Okamikak oso ondo hasi zuen proba, lehen bosten artean. “Igeriko zatitik nahikoa ondo kokatuta hasi nuen proba. Nire aurretik beste hiru parte hartzailek irten zuten, eta haien atzetik zihoan bigarren taldetxo batean irten nuen, beste bi lagunekin batera”.
Lasterketak amaiera zirraragarria eduki zuen. Bizikletan, bigarren bueltan ipini zen aurreko postuetan Okamika. Bizikletako zatian aurretik zihoazenen parean ipini ziren 25. kilometroan, eta 50. kilometrotik aurrera lasterketaren buruan ipini zen Gustavo Rodriguezegaz batera.
Boxetara iristen lehenengoa izan zen lekeitiarra, eta korrikako zatian lehen metroetatik buruan ipinita jarraitu zuen proba amaitu arte. “Korrikako zatira nahikoa osorik eta indartsu ailegatu nintzen. Trantsizioa nahikoa azkar egin nuen, eta buruan nintzela hasi nuen korrikako zatia”.
Korrika kilometroak aurrera egin ahala, aurkariekiko tartea zabaltzen joan zen. “7 kilometroko zirkuitu bati hiru bira eman behar izan genizkion. Lehenengo bueltan minutu eta erdiko abantaila nuela ikusi nuen, eta lasterketa nahikoa bideratuta nuela iruditu zitzaidan. Bigarren buelta amaitu ostean, 3 minutuko abantaila nuen, eta azken bueltan garaipena lortzeko bidean ikusi nuen neure burua. Hortik aurrera, indarrak ondo kudeatu, eta helmugara heldu bitartean, lasterketaz gozatzen hasi nintzen”.
Eivissako proba, gainera, denboraldiko azken proba garrantzitsua izan da. “Denboraldia ezin hobeto amaitu dut, eta oso pozik nago”. Orain atseden hartu eta indarrak berreskuratzeko tartea edukiko du.