95 mendizalek egin dute Mutrikuko 33. helduen ibilaldia
Martxan parte hartu duten mendizaleek ia 14 kilometroko ibilbidea osatu dute Mutriku inguratzen duten auzoetatik zehar. Antolatzaileak pozik geratu dira.
Eguraldi bikaina lagun, iaz baino jende gehiago batu zuen domekan [urriak 27] Mutriku eta inguruko auzoetatik zehar egin zen Gipuzkoako 33. Mendizale Helduen Ibilaldiak. Burumendi Mendizale Elkarteko kideek eman duten datuen arabera, 95 bat lagunek egin zuten mendi ibilaldia. Ibilaldiaren egunean bertan izena eman zutenak ere, asko izan zirela azpimarratu dute Burumendikoek; 30 bat lagun izan ziren azken orduan izena eman zutenak.
Parte hartzaileek 08:30ean ekin zieten martxari Goiko Plazatik. Ondabarro, Eguzkitza, Mendibeltzuburu, Ardazkoneta, Olatz, Abeletxe, Arno, Apain, Galbaixo, San Juan eta Turruntegi igaro behar izan zituzten mendizaleek. Guztira, 14 kilometro inguruko ibilbidea osatu zuten. Tartean, ohi modura, atsedenaldia hartu eta hamaiketako ederra ere jan zuten Ibiri auzoko Izarbide aterpetxearen parean.
Urtero ibilbide desberdina egiten dute, eta mendizaleak aurten ere oso gustura geratu dira Burumendikoek prestatu duten ibilbidearekin. “Beti saiatzen gara leku desberdinak ezagutzera ematen, eta parte hartzaileak gustura ikusi genituen”.
12:30ak-13:00ak inguruan ailegatu ziren mendizaleak moilara, eta 14:30ak bueltan, Arkugain elkarte gastronomikoan 60 bat lagun batu ziren bazkaritan, giro ederrean.