Espeleologiara hurbiltzeko aukera ekarri du aurten Markina-Xemeingo Mendi Asteburuak
Ekimen ezberdinak antolatu dituzte haitzuloen jatorria eta izaera arakatzen eta ikertzen dituen jakintza hobeto ezagutzeko. Ekintzek erantzun ona izan dutela adierazi dute antolatzaileek.
Proiekzioak, hitzaldiak, irteerak eta film emanaldiak osatu dute joan den asteburuan Markina-Xemeinen ospatu den Mendi Asteburuaren egitaraua. Ekimen ezberdinak antolatu dituzte haitzuloen jatorria eta izaera arakatzen eta ikertzen dituen jakintza hobeto ezagutzeko.
Ades espeleologia taldeak Artibai ibarreko kobazuloetan egindako aurkikuntzak ikusgai egon ziren Kontzekupean eskaini zuten proiekzioan. Horrez gain, irudien bidez lagunduta eta ulertzeko modu errazean, espeleologia zer den azaldu zuen Josu Zeberio espeleologo ondarrutarrak Etxebarriko Antsotegi Hotelean eman zuen hitzaldian. Hainbat adibide jarri zituen lur azpiko unibertsoaren misterioak azaleratzeko. Euretako bat Pirinioetan espeleologia zelan egiten duten erakustea izan zen. Hortara heldu aurretik erdibidean dauden beste elementu batzuk azaldu zituen dimentsio horretan espeleologia zer den ulertu eragiteko. Lea-Artibai eta Mutrikuko adibideetatik abiatuta eman zituen azalpenak Zeberiok, bitxikeria ugari ezagutzera emanez. Publikoa harrituta geratu zen lur azpian dagoen guztiarekin. Besteak beste, Lea-Artibain gutxi gorabehera 500 zulo inguru aurkitu eta aztertu dituztela aitatu zuen.
Horietako batera joan ziren zapatuan [urriak 26] espeologia irteerako parte hartzaileak. Leaktibairen eskutik eskualdeko kobazulo bat ezagutzeko aukera egon zen, eta taldetxo bat animatu zen parte hartzera.
Bestalde, aurreikuspenak ere gaindituta, 225 lagunek parte hartu zuten Artibai Mendigoizale Taldeak Mendi Asteburuaren baitan antolatutako Orientazio Ibilaldian. Arkupean ibilbidearen mapa eta aurkitu beharreko pisten orria jasota ekin zioten bideari ekimeneko ume, gazte eta helduek.
Itxurraldekua, Ibarreta, Bidaurreta gaine, Idemeneta, Aristi Eder, Itxurrixa, Altza barri eta Atain baserri ondotik igarota ailagatu ziren berriro ere Arkupera. Giro ikusgarria izan zuten bidelagun eta amaitzeko, mokadutxoa hartzeko aukera eduki zuten amaierako mahaian.
Eta azkenik, Mendifilm Fstibaleko hiru film ikusteko aukera egon zen domekan [urriak 27] Esperantza aretoan. Filmek herritarren ikusmina eragin dute aurten ere.
Jardunaldiak antolatzen diren hirugarren urtea izan da aurtengoa, eta ekimena egonkortzen ari dela esan dute antolatzaileek. “Espeleologia ez da izaten jende askok jarraitzen duen gaia, hala ere lekua eman eta balorean jarri nahi izan dugu, eta emaitzagaz oso pozik gaude”.
Aurten ere ekimen beteranoenak izan duela arrakasta handiena azpimarratu dute. “Jende ugari batu zuen Orientazio Ibilaldiak, giroa ere apartekoa izan zen eta erantzuna handia”.
Bestalde, pixkanaka, Mendifilm Festibaleko filmak ikustera gero eta ikusle gehiago joaten direla aitatu dute. “Apustu handia egiten dugu, eta oso pelikula onak ekartzen ditugu, eta urtez urte ikusle kopurua gorantz doa”.
Aurtengo Mendi Asteburua, beraz, orokorrean ondo joan dela azaldu dute, eta aurrerantzean ere antolatzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute. “Hitzaldiak eta ekintzak uztartuko ditugu hurrengoan ere, eta urteroko ekintzez gainera berriren bat gehitzen saiatuko gara”.