Amaitu dituzte Berriatuko kioskoko horma-irudiko margoketa lanak
Prozesu parte hartzaile baten bitartez, herriko belaunaldi ezberdinetako pertsonekin margolan bat sortzea izan da asmoa. Irailean hasi ziren horma-irudia diseinatzen, eta urrian kolorez bete dute.
Berriatuko plazan dagoen kioskoa margotzen bukatu berri dute. Berritxuko Neskak taldearen ekimenez hasi ziren herritarrak irailean horma-irudia diseinatzen, eta dagoeneko kolorez bete dute herriguneko eremu zirkularra.
Urriaren 16an batu ziren Berriatuko Eskolako LH5 eta LH6ko ikasleak, goizean, herriko plazan, eta Irantzu Lekue artista gasteiztarraren laguntzagaz aurretik pentsatutako diseinuak “bizitu” egin zituzten. 15 bat neska-mutilek parte hartu zuten prozesuan, eta Lekuek gidatuta, oinarriak finkatu eta kolore bat edo beste erabili zuten eremu zabalenak margotzeko.
Ikasleekin egindako saioaren ostean, beste bi hitzordu izan zituzten. Kasu horretan, deialdia “herritar guztientzako” izan zen, eta proiektuaren arduradunek azaldu dutenez, “batez ere, haurrak azaldu ziren, gurasoekin”.
Azken xehetasunak eta ukituak artistak berak egin zituen, berniza ematea adibidez, “nahiz eta bizilagunek ere lagundu nahi izan duten”.
Emakumeek historia osoan Berriatuan izan duten garrantzia azpimarratzen du margolanak, bizitzako arlo guztietan. Horrez gain, herriko emakume senegaldarrei ere keinu egiten dio horma-irudiak; beraien kulturako “formak eta irudiak” jasotzen ditu margolanak. Izan ere, proiektuan zuzenean parte hartu dute.
Azaro bukaeran, hilaren 25aren bueltan, kioskoan margotutako horma-irudiaren inaugurazioa egingo dutela aurreratu dute.
Egitasmo parte hartzailea. Ekimenaren abiapuntua proiektu parte hartzaile baten bitartez herriko belaunaldi ezberdinetako pertsonekin margolan bat sortzea izan da, eta urtebetez “zer egin” pentsatzen egon ostean, maiatzean hasi ziren irailean martxan jarri zuten plangintza jorratzen.
Lanak bukatuta, egitasmoaren arduradunak pozik daude: “Helburua bete dugu”. Hala, margolanaren diseinua erabakitzeko saioetan batu zituzten ideiak “kioskoak islatuta ikustea interesgarria” dela onartu dute.
Horma-irudia diseinatzeko egindako ekintza bateko ARGAZKI GALERIA: