Idoia Garzes Aldazabalek irabazi du Augustin Zubikarai saria
Epaimahaiaren iritziz, Idoia Garzes Aldazabal lasartearrak aurkeztutako 'Mendiko gaitza' nobela beltz atipikoa izan da aurten aurkeztu dituzten 24 proiektuen artean onena. Urtebete edukiko du proiektutik abiatuta liburua idazteko.
Idoia Garzes Aldazabal lasartearraren Mendiko gaitza eleberri proiektuak irabazi du Ondarroako Udalak Elkar argitaletxeagaz elkarlanean urtero antolatzen duen XIX. Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketa. Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiaren iritziz, Garzesen nobela beltz atipikoaren proiektua izan da aurten aurkeztu dituzten 24 lanen artean onena.
Garzes 1973an jaio zen Lasarte-Orian. Iazko Xabier Lizardi haur literaturako saria eskuratu zuen, eta narrazio saritu hori Erein argitaletxeak eman zuen argitara: Hari single bat (2019). Urte guztia edukiko du proiektutik abiatuta liburua idazteko. Horren ostean Elkar argitaletxeagaz kaleratuko du liburua, eta datorren urteko Literatur Amuak jaialdian aurkeztuko du.
Gaur [urriak 31] arratsaldean Kofradia Zaharrean egin den Literatur Amuak jaialdiaren barruan Zubikarai sarien baitako ekitaldian eman du jakitera aurtengo irabazlearen izena Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak. Bertaratu direnek aurtengo irabazlearen ahotik proiektu berria hobeto ezagutzeko aukera eduki dute.
Arlet Anaut Asperger sindromea duen emakume gaztea da Garzesen istoriako protagonista eta narratzailea. Pertsona berezia da Anaut: besteentzat bitxiak diren pentsamenduak ditu, eta oro har ez du erraz konektatzen jendearekin. Mendi ibilaldi batean kasualitatez desagertze baten arrastoa agerian jarriko du, eta, ezustean, heriotza baten susmagarri bihurtu nahiko dute. Anautez gain, leku berezia izango dute nobelan desagertuaren alargun femme fatale-ak eta kasuaz arduratuko den Ertzaintzako agenteak.
Aurtengo irabazlea aurkeztu aurretik, bestalde, Joxemari Urteagak Eneko Barberena 2018ko nobela beka irabazlea elkarrizketatu du. Idazle arrasatearrek kaleratu berri duen Afrikanerrak eleberriari buruzko nondik norakoak luze azaltzeko aukera eduki du. Barberenak etorkizunaren eta egungo gizartearen deskribapen eta begirada zorrotza islatzen du kontakizunean, sarritan umorea tartekatuta. Etorkizun hurbilean kokatutako distopia bat eraiki du eleberrian; legez kanpoko migrazioa kontrolatzeko Europar Batasunak Afrika iparraldea inbaditzen du.
Kofradia Zaharrean gaur iluntzean egindako ekitaldian, gainera, Augustin Zubikarai ipuin rallyko sari banaketa ekitaldia eta nanoipuin lehiaketako sariak ere banatu dituzte.