Edriga Aranburu lekeitiarra EH Bilduren senaturako hautagaia da
Aranburu lehen aldiz aurkezten da senatura. Bigarren hautagaia da Bizkaiko zerrendetan. EH Bilduk ekitaldiak deitu ditu Markina-Xemeinen eta Bermeon.
EH Bilduk Kongresu eta Senaturako zerrendaburuak bildu zituen hauteskunde kanpainari hasiera emateko. Horien artean zegoen Edriga Aranburu Agirre lekeitiarra. Aranburu Bizkaiko senaturako bigarren hautagaia da, lehen aldiz.
Zuzenbide ekonomikoan lizentziatua da Aranburu Deustuko Unibertsitatetik eta Zientzia juridikoetako ikerketa masterra ere burutu zuen bertan. Abokatu lanetan ibilitakoa, gaur egun, Deustuko Unibertsitateko Deusto Business School-eko zuzenbideko irakaslea da.
2014tik Lekeitioko udaleko EH Bilduko zinegotzia da –Gobernuan zein oposizioan– eta 2015-2019 agintaldian Bizkaiko EH Bilduko udalgintza lantaldeko kidea ere izan da, besteak beste Lea Artibai, Busturialdea, Uribe Kosta eta Uribe Butroeko EH Bilduko udalgintzako arduraduna izan delarik.
Horrez gain, Eusko Alkartasunako kontseilu nazionaleko kidea ere bada, eta Zuzenbideko eta Erakunde koordinazioko idazkari lanak burutzen ditu.
Bestalde, Bizkaiko Arraun Federakuntzako presidentea eta Euskadiko Arraun Federakuntza diruzaina da 2016tik.
Ekitaldiak. Espainiar estatuak bizi duen atzeraldi demokratikoa salatu du EH Bilduk egin dituen agerraldietan. «Altsasuko gazteen aurka eta Kataluniako buruzagien kontrako zigorren atzean, mendekua baino ez dago, justiziarik ez. PSOE aurrerakoia zelakoan aurkeztu zen gobernua osatzeko, baina demostratu egin du, bloke atzerakoiaren beste hanka bat baino ez dela», adierazi du Oskar Matute Kongresurako EH Bilduren Bizkaiko hautagai nagusiak.
Matute bera eta Idurre Bideguren Kongresurako bigarren hautagaia Markina-Xemeinen egongo dira astelehenean [azaroak 4]. Ekitaldia antolatu du koalizioak 19:00etan, Kontzekupean. Martitzenean [azaroak 5] berriz, Bermeoko Nestor Basterretxea Aretoan egongo dira, 19:00etan.