Kadete eta nagusi zirkuituko kinielak antolatu ditu Xisterak Berriatuan
Zapatuan Interjai Zirkuituko jardunaldia jokatuko dute Biarnoko hiriburuan. Mikel Manzisidor mutrikuarrak eta Jon Ibarluzea markina-xemeindarrak parte hartuko dute norgehiagokan.

Xisterak ekintzaz beteriko asteburua dakar. Lehen geldiadia Berriatuan egingo dute barikuan [azaroak 1]. 11:00etatik aurrera Mutilen Kadeteen Zirkuituko kinielak jokatuko dituzte Mendibarren frontoian. 15 tantora jokatuko diren bi kiniela jokatuko dituzte.
16:00etatik aurrera, berriz, Nagusien Zirkuituko kinielak hartuko ditu Mendibarren pilotalekuak. Lehen mailakoek eta Bigarren mailakoek bina kiniela jokatuko dituzte 15 tantora, eta Hirugarren mailakoek, aldiz, hiru kiniela jokatuko dituzte 10 tantora.
Zapatuan [azaroak 2], aldiz, Interjai Txapelketako jardunaldia jokatuko dute Pauen, 17:00etatik aurrera. Lehen partiduan Gaizkaren eta Mikel Elkorobarrutiaren aurka nor baino nor indartsuago ariko dira Laloo eta Mikel Manzisidor mutrikuarra. Laloo eta Manzik hiru partida irabazi dituzte eta bat galduta doaz Biarnoko hiriburura. Gaizka eta Elkorobarrutiak, ostera, orain arteko partida guztiak galdu dituzte.
Bigarren partiduan Aaronen eta Zugaitzen aurka lehiatuko dira Etxeberri eta Jon Ibarluzea markina-xemeindarra. Bi bikoteek finalerdietan sartzeko aukera garbiak dituzte. Etxeberrik eta Ibarluzeak, gainera, zuzenean finalean sartzeko aukerak ere badituzte.
Domekan [azaroak 3], azkenik, Nesken Topaketako jardunaldia jokatuko dute Tolosan. 10:00etatik aurrera, kinielak jokatuko dituzte Beotibar pilotalekuan, baita partidak era tradizionalean eta jokoetara ere.