Kalean dago 'Erakusleihoan', Peru Abarka lehiaketako lan berria
Ama eta semearen arteko harreman latz, gogor eta hotza kontatzen du Karmele Mitxelenak idatzi eta Irene Gutierrez eta Karmele Gorroñok ilustratutako albumak.
Atzo [urriak 31] iluntzean eman zuten ezagutzera 2019 urteko Peru Abarka lehiaketako lan irabazlea. Markina-Xemeingo udaletxeko osoko bilkura aretoan egin zuten Erakusleihoan album berriaren aurkezpena lehiaketa irabazi duten idazle eta ilustratzaileen eskutik. Karmele Mitxelena idazleak eta Irene Gutierrez eta Karmele Gorroño Irrimarrako ilustratzaileek albumaren nondik norakoak azaldu zituzten, eta animaziozko ikus-entzunezko berezi bat ere prestatu zuten aurkezpenerako.
Idoia Arrieta Markina-Xemeingo Udaleko euskara zinegotziak eman zien ongietorria jakin-minez udaletxeko aretoa bete zuten herritarrei eta ekitaldiko gonbidatuei. Egileez gainera, Mari Eli Ituarte Peru Abarka album lehiaketaren antolatzaile eta epaimahaikideak eta Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko editore eta epaimahaikideak parte hartu zuten aurkezpenean. Egindako lanagatik zoriondu eta eskerrak eman zizkien Arrietak guztiei.
Argitaletxea oso pozik dagoela esan zuen Iñaki Aldekoak Markina-Xemeingo Udalagaz daukan elkarlanagatik. Bi album argitaratu dituzte momentuz, elkarlan horren bidez, iazkoa eta aurtengoa, eta, azaldu zutenez, datorren urtean ere jarraipena edukiko du lankidetzak. Album formatuko lanak umeekin lotzen direla azaldu zuen Aldekoak, eta, oraindik helduentzat izan daitezkeenaren kultura hori falta dela nabarmendu zuen. “Liburu honek bai ilustrazioen aldetik bai kontatzen den istorioaren aldetik helduentzako liburu bat dela garbi adierazten du. Bakardade istorio bat da, ama dominante bat duen seme batek jasaten duena. Jada lehenengo esaldiak markatzen du istorioaren arima”.
Iñaki Aldekoa eta Mari Eli Ituartegaz gainera Patxi Zubizarreta idazleak –Euskadi Literatura Saria 2019– ere osatu du idazleen ataleko epaimahaia. Atal horretara hamabi lan aurkeztu dira aurten, eta horietako pare bategaz bueltaka ibili ondoren Mitxelenarena aukeratu zutela argitu zuen Ituartek. Narrazioaren bidez egileak harreman latz eta hotza kontatzen duela azaldu zuen: “Hitzak protagonistaren ahotan jarri eta lehen pertsonan kontatzen du istorioa, eta horrela, narrazio horri indar handiagoa ematea lortzen du. Harreman gogorra, latza eta hotza da kontatzen duena, baina irakurlea harrapatu eta bereganatzea lortzen du berba, hitz eta pasarte oso landu eta dotoreak txertatuta”. Narrazioaren tonu malenkoniatsua ere azpimarratu zuen. “Tonu tristea eta malenkoniatsua da, gehienbat, narrazio honetatik ateratzen dena, baina azken finean kontatzen duen istoria ere horrelakoxea da, beraz, oso ondo uztartuta dago”.
Ilustratzaile irabazlea aukeratzeko Peru Abarkan saritutako Maite Mutuberria ilustratzailearen laguntza eduki zuten Aldekoak eta Ituartek. Aurten lau lan aurkeztu dira ilustratzaileen atalera eta Irene Gutierrez zumaiarrak eta Karmele Gorroño galdakoztarrak aurkeztutako lan koloretsuak harrapatu zituen. “Indar ikaragarria zeukan, eta gainera, albuma ia ia amaituta aurkeztu zuten. Beste alde batetik, ilustrazio hain koloretsu eta argi horiek narrazioaren tonu triste edo malenkoniatsuari kontrapuntua jartzen ziotela erabaki genuen”.
Testuaren abiapuntuak markatu ziola kontakizun osoa esplikatu zuen Mitxelenak. “Izaera bat kontatu nahi nuen, pertsona baten barrua. Istorioa ekintzek baino gehiago pertsonaiaren beldurrek, pertsonaiaren mamuek, pertsonaiak besteekin dituen harremanak egiten dutela uste dut. Horrek mugitzen du istorioa nire ustez”. Emaitzagaz gustura dagoela adierazi zuen pertsonaiaren eta haren inguruan dauden besteen izaera hori ikusten zelako. “Kuriosoa da nola izaera batek hainbeste markatzen duen istorio batean; amaren aurrean agertu nahi luken handitasun hori gero zelako txiki bihurtzen den. Ilustrazioek niretzat hori da justu hobeto irudikatzen dutena, handitasuna bai baina gero ze txikiak diren pertsonaia horiek. Testua bakarrik zegoen horretan oso grisa zen, iluna, baina ilustrazioek istorioa aldatu egin dute, osatu”.
Ilustratzaileek, aldiz, erabili ohi dituzten koloreak albo batera utzi eta giro zikinagoa lortzen saiatu zirela azaldu zuten. Irudiak bilatzea izan zuten hasierako lana: etxea, portua, sukaldea… Behin irudi horiek bilduta, liburu osoan jarraipena edukiko zuen kolore gama erabaki zuten. Semea handi egitea eta ama txiki erabaki zutela argitu zuten, kontraste bat sortzeko bakoitzaren izaerarekin. “Irakurlearen atentzioa semera bideratu nahi genuen, horregatik erabaki genuen ilegorria egitea. Beste tonu guztiak zikinagoak dira, baina erabiltzen diren beste tonu guzti horiek atentzioa pertsonai horretara bideratzen dute, eta identifikatzeko errazagoa egiten da esaterako, pertsonaia txikia denean eta nagusia denean”.
Erakusleihoan besapean eraman zuten aurkezpenera joan zirenek, eta egileek sinatuta eroateko aukera eduki zuten, gainera. Jakinarazi zutenez, Peru Abarkaren datorren urteko lehiaketa abenduaren 4an edo 5ean jarriko dute martxan, Durangoko Azokagaz batera.