Ondarroako Ariman Gabak beldurrez eta irriz bete ditu San Ignazio eta Ibaiondo inguruak
Ilunetan eta oihu artean hasi dute etxerik etxeko iblbidea umeek. Aurten, kandela gehiago aurkitu dituzte etxeetako atarietan.
Ilunetan, eskuan kandelak eta argiak hartuta eta inork ez ezagutzeko moduko mozorroak soinean ospatu dute
II. Arimen Gaba Ondarroan, Zubi Zahar herri ikastolaren eta Zaldupe eskolaren ekimenez.
19:45 orduko, ume eta guraso asko eta asko zeuden bilduta atzo [urriak 31] Ibaiondoko biribilgune parean. Eta 20:00etan, iragarri legez, Zaldupeko Zubitik Kamiñazpiko parkerainoko argi guztiak itzali zituzten, eta turrunak ekimenaren hasiera iragarri zuen. Ilunetan eta oihu artean hasi zuten umeek ibilbidea. Etxerik etxe joan ziren, gozoki eskean, urduri, ze aurkiko zuten ez zekitela.
Aurten, euskal ohitura paganoa ospatzen den bigarren urtea izanik, herritar askok prest izan dituzte umeei eman beharrekoak. Gehiago izan dira atean kandelak ipini dituzten bizilagunak. Datorren urtean ere, xanduli manduli kikirriki… zeoze emon guri! esanez umeak agertzeko zain egongo dira. Apaindutako kalabazek jantziko dituzte berriro Ondarroako kaleak.