Koreografia beldurgarriek hartu dute Mutrikuko Miruaitz frontoia
Aurreko astean girotzen hasitako Gaba Beltzeko ospakizunei gaur [azaroak 2] eman diete amaiera Mutrikun.
Beldurrezko beteriko gau sorginduez bizitzeko aukera eduki dute mutrikuarrek azken egunotan. Arimen gauari lotutako ekintzarik nagusienak eguen [urriak 31] gauean egin zituzten. Ohi modura, Axuri Beltza dantzatu zuten kalerik kale, eta eguna Talaixako mamu ezaguna erretzen amaitu zuten. Barikuan [azaroak 1], berriz, Txantxangorrirekin batera ikerlari lanetan ibili ziren herriko gaztetxoak, eta gaua Lekittoko Deabruen suzi eta argi ikuskizunak bete zuen.
Gaur, aldiz, Arima Dance taldeak mozorrotutako kalejira egin du Miruaitz frontoian. Kalejira, berez, kalean egin behar zuten, Alboka ondoko plazatik hasita, baina eguraldi txarra tarteko, pilotalekura lekualdatu behar izan dute ekintza. Kalejira amaitu orduko, frontoian batu den jendetza zain egon den unea ailegatu da. Arima Dancekoek hainbat koreografia landu eskaini dituzte bertan batu direnen gozamenerako. Mikel Laboraren Baga, biga, higa kantuaren koreografia bikainarekin amaitu dute dantza saioa.
Gerriak astintzen eman dituzte eguneko azken orduak. Xaiborrek disko festak Beheko Plaza dantzan ipini du gauerdira arte.