Bozkalekua lekuz aldatu dute Mutrikun
Herritarren irisgarritasuna bermatzeko aldatu dute bozkalekua Zabiletik osasun etxe zaharrera (Beheko Plazan).
Azaroaren 10ean egingo diren Espainiako Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan toki berrian bozkatu beharko dute mutrikuarrek. Udal ordezkariek jakitera eman dutenez, bozkaleku berria Beheko Plazan osasun etxea zegoen eraikin zaharrera lekualdatu dute. Ohiko mahaiak bertan egongo dira kokaturik.
Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak adierazi duenez, herritarren irisgarritasuna bermatze aldera erabaki dute bozkalekua lekuz aldatzea. Azken urteotan Zabiel kultur etxean eman dute botoa herritarrek, baina kultur etxeak askorentzat eragozpenak sortzen dituela kontuan hartuta, udalak tokia aldatzea erabaki du, bertara hurbiltzen direnek “ahalik-eta zailtasun txikienak” izan ditzaten. “Eraikin horrek herritar guztiak errazago ibiltzeko modua emango digu. Eskailerarik gabe eraikinean sartzeko aukera dago, eta barruan igogailua erabiliz, hautes mahaietara trabarik gabe ailegatzeko aukera dago. Hortaz, Azaroaren 10ean egingo dire hauteskundeetan Beheko Plazako eraikin soziokulturalera hurbildu beharko dute herritarrek bozka ematera”.
Gogorarazi dutenez, behin-behineko aldaketarekin mutrikuarren erosotasuna bilatu nahi izan dute. “Ikusiko dugu egunak zer ematen duen, eta aurrerago izango dugu aukera egunaren alderdi onak eta txarrak errepasatzeko”.