Mikel Manzisidor mutrikuarrak Interjaiko finalerako txartela eskuratu du
Atzelari mutrikuarrak Laloorekin batera lortu du finalerako txartel preziatua. Antxon Alberdi etxebarritarrak eta Aitor Elkorobarrutiak, berriz, azken finalerdia jokatuko dute barikuan Berriatuan.
Interjai Txapelketaren lehen fasea datorren barikuan [azaroak 8] amaituko dute Berriatuko Mendibarren pilotalekuan. Eta jada ezagutzen da finalerako zuzenean sailkatu den lehen bikotea. Pauen zapatuan [azaroak 2] lortutako emaitza onari esker, Mikel Manzisidor atzelari mutrikuarra eta Laloo dira lehen finalistak.
Antxon Alberdi etxebarritarra eta Aitor Elkorobarrutia, berriz, finalerdietarako sailkatuta daude. Finalean sartzeko falta den txartel bakarraren bila kantxaratuko dira barikuan Berriatuan, Aaron eta Zugaitzen aurka.
Zapatuan Pauen jokatu zuten Interjai Txapelketako jardunaldia oso lehiatua izan zen. Lehen partiduan Gaizkaren eta Mikel Elkorobarrutiaren aurka 2-1 (15-12, 13-15 eta 5-2) irabazi zuten Laloo eta Mikel Manzisidorrek.
Lehen jokoan Gaizka eta Elkorobarrutia bikain hasi ziren 0-6 aurretik jarriz. Jokoa kontrolpean zutela zirudien, baina Laloo eta Manzi erreakzionatzen hasi ziren, lehen puntua eskuratuz. Bigarren jokoan markagailuaren agintea Gaizkak eta Elkorobarrutiak eraman zuten. Eta Lalook eta Manzik partida bideratzea lortu bazuten ere, azken tantoak Gaizkaren eta Elkorobarrutiaren aldekoak izanda, jokoa eurena egin zuten. Kitarakoan Laloo eta Manzi oso azkar jarri ziren aurrean. Neurketa kontrolpean eduki zuten uneoro, eta 5-2 irabazita finalean aritzeko txartela eskuratu zuten.
Bigarren neurketa Aaronek eta Zugaitzek irabazi zuten. 2-1 (7-15, 15-10 eta 1-5) irabazi zieten Etxeberriari eta Ibarluzeari. Aaronek eta Zugaitzek lehen jokoa airean irabazi zuten. Etxeberri eta Ibarluzea irabaztean hasi baziren ere, aurkariek oso azkar egin zuten ihes, garaipen erosoa lortzeko. Bigarren jokoan askoz hobeto hasi ziren Etxeberri eta Ibarluzea. Ibarluzea atzean bikain ibili zen, eta lehen tantotik eraman zuen jokoaren agintea. Kitarakoa berdinduta hasi bazuten ere Aaronek eta Zugaitzek ihes egin zuten erabakigarriak izan ziren tanto laburrekin.
Berriatuko Mendibarren frontoian, berriz, amaierara ailegatzen ari den Xisterako Mutilen Zirkuituko jardunaldia lehiatu zuten barikuan [azaroak 1]. Faboritoek ez zuten hutsik egin, eta hiru mailetan ez zen aparteko ezustekorik egon.
Lehen Mailako aurreneko kiniela Zuloagak eta Urangak irabazi zuten. Bigarren kiniela, berriz, Antxon eta Goixerrik irabazi zuten. Bigarren Mailan Vidalek eta Olazagaztik irabazi zuten aurreneko kiniela. Bigarren kiniela Galletebeitiak eta Aguasek irabazi zuten. Hirugarren Mailan, azkenik, hiru kiniela jokatu zituzten, 10 tantotara. Boninek eta Iriondok lortu zuten lehen garaipena. Bigarrena Boninek eta San Josek irabazi zuten eta azkenekoa Urreistik eta Basterretxeak eraman zuten.
Kadeteek ere Berriatuan jokatu zuten barikuan; bi kiniela jokatu zituzten 15era. Aurrenekoa Olabarria eta Abel Rodriguezek irabazi zuten eta azkeneko kiniela Garcia eta Abel Rodriguezek irabazi zuten.
Domekan [azaroak 3], berriz, emozioz beteriko partiduak jokatu zituzten Tolosako Beotibar pilotalekuan. Nesken topaketaren barruan bi kiniela jokatu zituzten. Lehenengoa Aldalurrek eta Gogenolak irabazi zuten, eta bigarrena, berriz, Roblesek eta Moralesek.
Ostean, jokoetako partida bikainak jokatu zituzten. Aurreneko neurketa irabazi zuten Carlak eta Bereziartuak. 2-0 (15-10 eta 15-13) irabazi zuten Giselaren eta Arairen aurka. Bigarren jokoan kitarakoa ere jokatu behar izan zuten. Gisela eta Mariona izan ziren garaile, Merinoren eta Arairen aurka 1-2 irabazi eta gero. Azkeneko norgehiagoka ere oso oan izan zen, eta hor ere kitarakoa behar izan zuten. Carla eta Raquel atera ziren irabazle Jauragiren eta Bereziartuaren aurka 2-1 irabazi ondoren.