Ugaitz Mugertza, Urrezko Aizkolari Kopako lehen jardunaldian nagusi
Lortutako emaitza onari esker, txapelketan aurrera egitea lortu du Mugertza II.ak. 19 minutu eta 38 segundotan moztu ditu zortzi kanaerdiko enborrak.
2019ko Urrezko Aizkolari Koparen lehen bi kanporaketak lehiatu dituzte asteburuan Itziarren eta Zamudion. Lehen kanporaketa Itziarren jokatu zuten barikuan [azaroak 1], eta bertan Ugaitz Mugertza aizkolari mutrikuarra izan zen azkarrena. Lanak 19 minutu eta 38 segundotan amaitu zituen, eta lortutako emaitza bikainari esker, txapelketan aurrera egitea lortu du mutrikuarrak.
Kanporaketan beste hiru arerioren aurka aritu behar izan zen Mugertza II.a. Ruben Saralegiren, Xabier Zalduaren eta Hodei Ezpeletaren aurka neurtu behar izan zituen indarrak. Lau aizkolariek zortzina kanerdiko pago enbor moztu behar izan zituzten, denak ere etzanda.
Hurrengo fasera igarotzeko bigarren txartela Saralegik eskuratu zuen. Aizkolari mutrikuarrak baino 19 segundo gehiago behar izan zituen lanak amaitzeko; 19 minutu eta 57 segundo behar izan zituen denetara. Hirugarren sailkatua Xabier Zaldua izan zen; 23 minutu eta 59 segundo behar izan zituen zortzi kanaerdikoak mozteko. Azken sailkatua Hodei Ezpeleta izan zen; 25 minutu eta 56 segundotan gelditu zuen kronoa.