Baionako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte
53 urteko emakume bat hil zuten zapatuan Baionan. Elkarretaratzeak ondoko herrietan egingo dituzte: Aulesti, Lekeitio, Ondarroa eta Munitibar herritarrak batzera deitu dituzte.
53 urteko emakume bat hilik aurkitu zuten Baionan zapatuan [azaroak2]. Emakumearen bikotekidea atxilotu zuen Frantziako poliziak; gizonak poliziari deitu zion bere emaztea hilik aurkitu zuela esanez. Frantziako poliziak hilketa matxista bat izan zela susmatu eta gizona atxilotu egin zuen.
Poliziak ez du emakumearen ez gizonaren izenik zabaldu, baina emakumearen hilotzak hainbat zauri zituela ikusita gizonezkoari hilketa egotzi zioten; hilketa ukatu egin duen arren espetxean sartu dute behin-behinean.
- Lekeitioko Potxuak Martxan emakume taldeak deituta elkarretaratzea gaur [azaroak 6] egingo da; 19:00etan Eskolapean batuko dira. Lekeitioko Udalak bat egin du deialdiagaz, eta herritarrei parte hartzera animatu die.
- Ondarroako Udaleko Berdintasun Kontseiluak berriz, eguen [azaroak 7] iluntzerako deitu du elkarretaratzea. 19:00etan Alamedan batuko dira. Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziak herritar guztiei hilketa salatzeko elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die.
- Munitibarren barikuan [azaroak 8] egingo dute elkarretaratzea bidegurutzean, 19:30ean, Munitibarko Udalak deituta.
- Aulestin eguenean [azaroak 7] egingo dute elkarretaratzea, 20:00etan, plazan.
- Mutrikun eguenean [azaroak 7] egingo dute elkarretaratzea, 19:00etan, Goiko Plazan, EMAk deituta.