Julen Arzuaga (EH Bildu): "Madrilera goaz, gehiago Madrilera joan behar ez izateko"
Areto bete jenderen aurrean eman du mitina Julen Arzuaga legebiltzarkideak Ondarroan; independentistak Madrilen gakoa izan daitezkeela nabarmendu du, bozkatzera deituz.
Ondarroan egin zuen atzo EH Bilduk kanpainako ekitaldia, euria zela, Kofradia Zaharrean. Areto bete jenderen aurrean hitz egin zuen Julen Arzuaga legebiltzarkideak. Lehen berbak Jose Forero Ondarroako Ezker Abertzaleko kide zendu berriarentzat izan ziren. Ondoren azaldu zuen Madrilera zertara doan EH Bildu: “Madrilera goaz, gehiago Madrilera joan behar ez izateko”. Koalizioak esandakoa egin eta egindakoa esaten duela azpimarratu zuen.
Domekan (azaroak 10) bozkatzera joatearen garrantzia azpimarratu zuen, “Espainiako inboluzioari eta eskuinari aurre egiteko”. Gogoan eduki zituen pentsionistak, Kataluniako presoak, Altsasukoak… Espainiar estatuaren inboluzioaren aurrean EH Bildu bozkatu eta independentistak Madrilen gakoa izan daitezkeela nabarmendu zuen.
Bide bakarra. Ekitaldira mezu bat iritsi zen bideo formatuan, herriko Euskal Preso eta Iheslarien eskutik. Preso eta iheslariek EH Bilduren aldeko bozka eskatu zuten, egoerari konponbidea emateko bide bakarra dela nabarmenduz. Arzuagak gogorarazi zuen presoak etxera ekarri eta konponbiderako garaia dela. Edriga Aranburu Agirre Espainiako Kongresurako hautagaia, Unai Urruzuno Eusko legebiltzarkidea eta Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkatea eta udal ordezkariak ere egon ziren ekitaldian.
Mitina 19:15ean hasi zen, iragarritakoa baino ordu laurden beranduago. Izan ere, Baionako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin zuten 19:00etan, Alamedan, Ondarroako Udal Berdintasun Kontseiluak deituta. Beste behin, “nahikoa da” esan zuten herritarrek.