Getxoko I. Pentatloia irabazi du Mikel Agirre ondarrutarrak
Ousmane Drameren aurka lehia bizia eduki ostean 27 minutu eta 40 segundotan amaitu ditu lanak ondarrutarrak. Dramek bost segundo gehiago behar izan ditu bost diziplinak amaitzeko.
Herri kiroletan aritzen den Mikel Agirre Unamuno ondarrutarrak Getxoko I. Pentatloia irabazi zuen zapatuan [azaroak 9]. Proba lehiatu zuten lau kirolarietatik azkarrena izan zen; 27 minutu eta 40 segundotan amaitu zituen lanak. Bi txandatan banatuta aritu ziren kirolariak. Ondarrutarra eta Ousmane Drame izan ziren lehenengoak indarrak neurtzen, eta Jon Gisasola Zelai V.a eta Unai Ardeo bigarren txandan lehiatu ziren.
Lehiarik handiena Agirre eta Drameren artean egon zen lehen txandan. Biak ala biak txapela irabazteko lehian nor baino nor indartsuago eta azkarrago ibili ziren, baina txapela, azkenean, ondarrutarrak eskuratu zuen bost segundoko aldeagatik. Lehen proban harri jasotzen ibili behar izan zuten eta ostean, giza proban neurtu zituzten indarrak, 400 kiloko harriari tiraka ibili ziren. Jarraian, aizkoran launa enbor moztu zituzten eta txinga eroaten ekin zioten ondoren. Azkenik, hamabost buelta eman behar izan zieten zirkuitu bati korrika. Drame aurretik ipini zen hasieratik, baina aizkorako proban tartea txikitzen hasi zen Agirre. Dramek indarrak galdu ostean, korrika aurrea hartu zion ondarrutarrak.
Bigarren txandan, berriz, Zelai V.a hasieratik ipini zen aurrean, eta Unai Ardeok txapelketa ona egiteko ahalegina egin bazuen ere, ezin izan zuen Zelai harrapatu. Zelaik 29 minutu eta 7 segundotan amaitu zuen proba eta Ardeok, berriz, 35 minutu eta 29 segundotan gelditu zuen kronoa.