Garagardo eta pintxoen dastaketak hartu du Berriatua
Azaro fest jaialdia ospatu zuten zapatuan, herriko plazan. Hainbat motatako garagardoak dastatzeko aukera eduki zuten bertaratu zirenek.
Artisau garagardoa abiapuntu hartuta, Azaro Fest ekimena ospatu zuten Berriatuan, zapatuan, udalaren ekimenez. Udalerrian azken urteetan indarra hartzen joan den jarduera da, eta aurten ere hutsik egin gabe hartu zuen herriko plaza.
Mota desberdinetako garagardoen dastaketaz gozatzeko aukera eduki zuten bertaratutakoek. Hotza eta euria nagusi izan baziren ere, 18:30ean abiarazi zuten jaialdia. Plazan jarritako guneak herritarrak berotzeko balio izan zuen, eta musikak girotuta egin zuten dastaketa.
Edaria ez zen izan, dena dela, Azaro Festen eskaintza bakarra; garagardo dastaketagaz gozatzeagaz batera, unean bertan brasan egindako pintxoak dastatzeko aukera bikaina izan zuten herritarrek. Eguraldi txarrari aurre egiteko modu bikaina izan zen.