Itsasoa, lurra eta zerua izango dituzte hizpide Ondarroako Bertsozientzia saioan
'Jakinduriek mundue erreko dau' bertsozientzia saioa egingo dute hirugarrenez azaroaren 13an, 18:30ean, Beikozini aretoan. Nerea Ibarzabal eta Jon Maia bertsolariek, eta Eider Bilbaoa, Joanes Lizarraga eta Oier Suarez zientzialariek parte hartuko dute.
EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak, Zientziaren Giltzak Elkarteak, Ondarroako Udalak eta Bertsutan bertso eskolaren eskutik Jakinduriek mundue erreko dau bertsozientzia saioa egingo dute hirugarrenez bihar [azaroak 13], 18:30ean, Ondarroako Beikozini aretoan. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, itsasoa, lurra eta zerua gaiak landuko dituzte. Sarrera librea eta doakoa da.
Saioan bertsolaritza eta zientzia uztartuko dituzte. Nerea Ibarzabal eta Jon Maia bertsolariak arduratuko dira bertsoak jartzeaz, eta Eider Bilbao biologoa, Joanes Lizarraga kosmologoa eta Oier Suarez geologoa izango dira oholtzara igoko diren protagonistak. Aurkezle zereginetan Kike Amonarriz soziolinguista, umorista eta telebista aurkezlea ariko da.
Ekitaldia hiru zatitan banatuta egingo dute. Zientzialariek hamar minutuko hitzaldiak emango dituzte eguneroko hainbat gai uztartuz, eta amaieran, bertsolariek errima eta doinua jarriko dizkie Amonarrizek proposaturiko gaiei. Eider Bilbaok itsasoa plastikoen gotorlekua zergatik bihurtu den azalduko du, Joanes Lizarragak zulo beltzetan ez erortzeko gida bat emango die bertaratuei eta Oier Suarezek Lurraren bihotzeraino tunel bat zulatuko du.