Mari Eli Ituarte da Izarbidean elkarteko lehendakari berria
Luis Egurrola izan da orain arte lehendakaria, baina Markina-Xemeingo alkate berria izanik irabazi asmorik gabeko elkartearen ardura utzi egin behar izan du. Elkarteak aurrera begira duen erronka nagusienetako bat boluntariotza suspertzea dela diote.
Lehendakari berria izendatu du Izarbidean elkarteak. Luis Egurrolak kargua utzi eta Mari Eli Ituarte izendatu dute lehendakari berri. 2020ra arte izan behar zuen lehendakari Egurrolak izendapena lau urterako izaten da eta, baina 2019ko udal hauteskundeetan Markina-Xemeingo alkate hautatu dute, eta beraz, Izarbidean elkarteko lehendakaritza eta batzordeko kide izateari utzi egin behar izan dio.
Egurrolak eta Ituartek azaldu dutenez, kargu publiko bat izatea eta irabazi asmorik gabeko elkartearen lehendakari izatea bateraezinak dira Izarbidean elkarteko estatutuetan jasotakoaren arabera. Izarbidean aniztasun funtzionala duten pertsonen beharrizanei erantzuteko lan egiten duen irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta diru laguntza publikoak eskatzen ditu ekimenak antolatu eta bere funtzionamendua bermatzeko. “Eta beraz, elkartearen arduraduna ezin da, aldi berean, laguntza eskatzen diogun erakunde bateko arduraduna izan”, azaldu dute.
Ituarte aspalditik da Izarbidean elkarteko kide. Azken lau urteak ezik batzordeko kide izan da bai eta lehendakari orde ere. Jakinarazi duenez, ezohiko aldaketa izan da oraingoa eta 2020an batzordea berritu eta lehendakari berria izendatuko dute. “Kide berri bi sartuko dira batzordera”.
Erronkak. Elkarteak aurrera begira duen erronka nagusienetako bat boluntariotza suspertzea dela azaldu dute. “Boluntarioak ezinbestekoak dira Izarbideanen funtzionamendurako. Urteetan aurrera goaz denok eta beharrizanak ere gehitu egin dira. Beste ekintza batzuk edo ekintza gehiago egin ahal izateko jende gehiago behar dugu”. Hori dela eta gazte edo ez horren gazteak boluntario modura parte hartzera animatu dituzte. Gazteek, gainera, elkartasun eta lankidetza jardueren bidez ikasketa planeko kredituak lortu ahal dituztela jakitera eman dute. “Momentu honetan edozein ikasketetan kredituak lortu ahal dira boluntariotza eginda”. Gazteez gain, laguntzeko prest egongo litzateken helduen taldea ere oso ondo onartua izango litzatekeela azpimarratu dute.
Gizarteratzea bultzatzen jarraitzeko ekimenak ere baditu esku artean elkarteak. Urtero modura, Urriko Azokan egon zen elkartea, eta azaroaren 30erako Fair Saturday jaialdia prestatzen ari dira. “Herriko artistei esker egin ahal izango da jaialdia beste behin ere”.
Gogora ekarri dutenez, elkartearen ateak zabalik daude nahi duen guztiarentzako, eta proposamenak jasotzeko ere prest dago elkartea. “Beti Jai elkartearen goikaldean daukagu Topagunea eta ateak zabalik egoten dira beti ezagutzera etorri nahi duten guztientzako. Bisitatu daitekeen egoitza da”.