Ondarroako Danonartin Elkarteak jarduna etengo du, behin behinean
Elkarteko boluntarioek azaroaren 25ean banatuko dute azkenengoz janaria. Elkartearen asmoa talde berri bat ahalik eta arinen eratzea da elkartasun proiektuari jarraipena emateko.
2011ko abenduan hasi zuen ibilbidea Ondarroako Danonartin Elkarteak, eta zortzi urte beranduago, jarduna behin-behinean bertan behera utziko dutela jakitera eman dute elkarteko ordezkariek. Boluntarioek osatzen duten lantaldea ez da sendoa, eta lekukoa hartuko dien talderik ez dagoenez, ezin dute jardunagaz jarraitu.
Elkartearen asmoa talde berri bat ahalik eta arinen eratzea da elkartasun proiektuari jarraipena emateko. Talde iraunkor eta sendoa eratuz gero, zerbitzua berriro abantean jarri nahiko luketela azpimarratu dute. “Jardunari aurre egin ahal dion talde iraunkorrik ez dugu orain. Momentuz, gelditzea erabaki dugu. Hori bai, udala zerbitzuari jarraipena emateko oso interesatuta ikusi dugu, eta eurekin harremanetan gaude. Gure asmoa boluntario talde iraunkor eta sendo bat eratzea da, ahal bada, proiektuagaz aurrera jarraitu ahal izateko”.
Gaur egun zazpi boluntariok osatzen dute taldea, eta atsekabetuta nabarmendu dutenez, jarduna eteteko erabakia hartzea asko kostatu zaie. “Ez genuen nahi jendea laguntza barik laga”. Hilero-hilero Ondarroako eta Berriatuko 60 bat familia unitateri laguntza ematen diote Ondarroako Antiguako Ama kalean duten lokalean. Gizarte-ongizate sailagaz koordinatuta, eta herriko dendetan eta elikagai bankuari esker jasotzen duten laguntzari esker, hileko azken astelehenetan ematen dute zerbitzua; itxi aurretik azaroaren 25ean banatuko dute azkenengoz janaria.
Gaineratu dutenez, talde berria eratzen ez den bitartean, Ondarroan eta Berriatuan laguntza jasotzen duten familiek Bilbora jo beharko dute, hango elikagai bankura. Gabonetara begira azaroaren amaieran egiten den banaketa berezia ere ez dutela egingo aurreratu dute. “Abenduan banatzeko ez dugunez nahikoa jende, ez dugu egingo”.