Urtebete bete du Mutrikuko Eguneko Zentroak
Urtebetean hamahiru pertsona igaro dira bertatik. Egun Mutrikun bizi diren 67 eta 89 urte bitarteko zazpi emakumek eta hiru gizonek erabiltzen dute zerbitzua.
Atzoko [azaroak 12] egunez duela urtebete zabaldu zituen ateak Mikel Deuna Eguneko Zentro berriak, eta zelan ez, erabiltzaileek era berezian ospatu nahi izan zuten. Bazkaritan batu ziren erabiltzaileak eta zentroko langileak, eta egunari kolorea emateko brindisa ere egin zuten. Aintzane Uriguen zentroko zuendariak azpimarratu duenez, azken urteko esperientzia oso positiboa izan da. “Herrian beharrezkoa zen zerbitzua da. Debako Eguneko Zentrora joaten ziren mutrikuarrak dira hemengo erabiltzaileak, eta bidaia hori saihestea, batez ere neguan, asko da beraientzat”.
Zentroko arduradunek jakitera eman dutenez, hamabost leku ditu Eguneko Zentroak, “baina momentuz hamar daude hitzartuta aldundiarekin”. Urtebetean hamahiru pertsona igaro dira bertatik, baina gaur egun Mutrikun bizi diren hamar erabiltzaile ditu; zehatz esanda, 67 eta 89 urte bitarteko zazpi emakume eta hiru gizon. “Denak etortzen dira furgoneta zerbitzua erabiliz, etxetik gertuen duten geralekuan jasota. Goizean nahi duenak bertan gosaltzen du, eta dutxa ere ematen zaie”.
Furgoneta zerbitzua 09:00etan hasten da martxan, eta 09:30ean ailegatzen dira zentrura. 17:00ak bitartean, hainbat ekintza egiten dituzte erabiltzaileek: egunkari irakurri eta berriak komentatu denen artean, gimnasia egokitua, memoria lantzeko ariketak… Horiez gain, nork bere ahalmenak mantentzeko ekintzak ere burutzen ditu eta Eguneko Zentroaren egunerokotasunean ere laguntzen dute; besteak beste, mahai-zapiak edo toallak tolesten, sukaldean baratxuria eta patatak zuritzen… 17:00etan furgoneta hartu, eta 17:50 aldera azkena etxera bidean egoten da.
Urtaro sasoiarekin zerikusia duten lanak ere egiten dituzte, eta herrian ospatzen diren hainbat jaietan ere parte hartzen dute: inauteriak, Santa Ageda, Gabonak, Gaba Beltza, herriko jaiak, esaterako. “Herrian egiten diren ospakizunak hemen ere aurrera eramaten saiatzen gara. Irteerak ere egiten ditugu portura eta Galbaixora”.
Zentroko arduradunek jakitera eman dutenez, ateak zabalik dituzte herritar denentzat. “Zentroa ezagutu nahi dutenak gonbidatuta daude. Zerbitzua zelakoa den ikusi eta azaltzea nahi badute jarri gurekin harremanetan”.