Beikoziniren 'Kabareta 2 txu' ikuskizunak marka guztiak hautsi ditu
Asteon 13. eta 14. emanaldiak eskainiko dituzte, eta azkenak izango dira. Barikuko emanaldirako dozena bat sarrera geratzen dira, eta zapaturako dena agortuta dago.
Kabareta ikuskizunaren arrakasta eta gero, Ondarroako Beikozinik Kabareta 2 txu ikuskizun berria estreinatu zuen iazko azaroan. Guztira hamabi emanaldi eskaini dituzte, eta barikuan eta zapatuan [azaroak 15-16] 13.a eta 14.a eskainiko dute. Hain zuzen ere, barikurako [azaroak 15] dozena bat sarrera geratzen direla esan dute. “Momentuz, hamalau emanalditatik hamahirutan sarrera guztiak agortu dira”. Arrakasta, beraz, bista-bistakoa da. Sarrerak Beikozinin bertan erosi ahal dira. Eta kanpotik doazenek telefonoz deituta lortu ahal dituzte: 619 42 49 74. Prezioa: 45 euro (afaria eta ikuskizuna)
Beikozinik 2017ko abenduan egin zuen estreinako ekoizpen propio eta ezberdin baten aldeko apustua. Arte eszenikoen modalitate ezberdinak uztartuz, gastronomiaz gozatu bitartean ikuskizun ezberdin bat ikusteko aukera eman zieten herritarrei. Ikuskizun harek Kabareta izena eduki zuen, eta Paco Hernando eta Ines Uriarte izan ziren zuzendariak. Herritarren erantzuna erabatekoa izan zen. 2017 eta 2018ko lehen sehilekoan hamabi emanaldi eskaini zituzten, eta guztietan “sarrerak agortuta” kartela ipini zuten.
Kabareta-ren arrakasta eta gero, bide beretik jarraitu eta Kabareta 2 txu ikuskizuna prestatu zuten iazko udazkenerako. Hernandok eta Uriartek zuzendutako emanaldi berri horrek ere harrera ezin hobea eduki zuen. Ondoko artistek parte hartzen dute emanaldian: Loli Astoreka, Fede Badiola, Yogurina Borova, Ana Elordi, Nahia Iparragirre, Iker Caballero, Raquel Pedrosa, Ines Uriarte eta Jose Urrejola.
Eszenatokiaren diseinua Aitor Urkiolak egindakoa da, eta argi diseinua Alaine Arzozek. Soinu teknikaria, ostera, Alberto Markuerkiaga da.