Kike Amonarriz: "Estrategikoa litzateke Lea-Artibaiko euskara elkarte bat sortzea"
Euskaraldiaren bigarren ariketa 2020an egingo bada ere, Amonarrizek motorrak berotzen hasi behar dela gogorarazteko hitzaldia eskainiko du barikuan [azaroak 15], 18:00etan, Lekeitioko Azkue aretoan.
Barikuan Lekeition eskainiko duzun hitzaldiari Gehiago eta sakonago izenburua ipini diozue. Izenburuak berak adierazten du 2020ko Euskaraldia nolakoa izango den?
Hori da. Azken batean aurreko Euskaraldia lehendabizikoa izan zen. Ez genekien ondo zer gertatuko zen, nola joango zen… Esperimentu bat izan zen. Denon harridurarako uste baino emaitza hobeak lortu ziren Euskal Herri osoan eta baita Lekeition bertan ere. Bai parte hartu zuen jende kopuruagatik eta baita ere eta batez ere lortu ziren bestelako aspektuengatik. Lortu zen egun horietan Euskal Herri osoan euskararen gaia eztabaida publikoaren eta eztabaida sozialaren erdigunera ekartzea. Lortu zen aspaldi ez bezalako adostasun soziopolitiko zabala euskararen gaiaren inguruan, lortu zen jende asko aktibatzea eta jende asko saiatzea euren eguneroko hizkuntz ohituretan aldaketak egiten, eta lortu zen euskararen inguruko hainbat ikuspegi ere aldaraztea. Lehenengoan lorpen horiek guztiak eduki eta gero, oraingoan lortu nahi duguna da lorpen horietan sakontzea eta, gainera, zabaltzea.
2020an leku eta harreman gehiagotan eragin nahi dela diozue.
Bai. Azken batean, bigarren Euskaraldiak berrikuntza handi bat dauka. Alde batetik, jarraituko dugu norbanakoekin belarriprest eta ahobizi rolak lantzen. Hori, gutxi gorabehera, aurreko Euskaraldian egin modura egin- go da. Badaukagu aurreko Euskaraldiko oinarri sozial hori, eta nahi duguna da oinarri sozial hori zabaltzea, baina abiapuntu oso sendo batetik abiatzen gara; lehenengo ariketan parte hartu zuten 220.000 lagun horiek dira abiapuntua. Bigarrenean, baina, bigarren jauzi bat emango da, eta entitateak ere landu egingo dira.
Eta zer eta zeintzuk dira entitateak?
Modu sinple batean esanda, edozein talde antolatu izango da entitate. Izan daiteke erakunde bat, enpresa bat, elkarte bat, establezimendu komertzial bat… Herri bakoitzak duen errealitate soziolinguistikoaren arabera gehiago edo gutxiago landuko dira, bakoitzak ikusiko du noraino landu ahal duen hori, baina jauzi hori egin egingo dugu.
Arigunea kontzeptu berria ere sortuko da. Zer da?
Arigunea edozein entitatetan dagoen ohiko funtzionamendu gune bat da. Hau da, normalean elkarrekin lan egiten duten pertsonen gunea. Izan liteke batzorde bat, atal bat…
Zeintzuk dira Ariguneek bete beharko dituzten baldintzak?
Hiru baldintza dira. Alde batetik, gutxienez denek euskaraz ulertzea; euskaldunak izatea edo gutxienez euskaraz ulertzeko gai izatea. Bigarren baldintza da Arigune horretako partaide gehienen oniritzia behar duela. Alegia, Ariguneko partaide gehienek euskaraz parte hartzeko jarrera aktiboa eduki behar dute. Azkenik, hirugarren baldintza da entitatearen arduradunek ontzat eman behar dutela Arigune hori osatzea eta Euskaraldiak iraungo dituen hamabost egunetan Arigune horretan ahobizi eta belarriprest rolak inplementatzea.
Zer dela-eta erabaki da bigarren ariketak hamabost egun irautea eta ez 11?
Lehenengo Euskaraldian norbanakoak landu ziren. Eta, ondorioz, garrantzi handia eman zitzaion ariketak bi asteburu harrapatzeari. Azken finean, herrietako bizitza soziala asteburuetan asko handitzen da. Kasu honetan, ostera, entitateetara jauzi egiterakoan, garrantzitsua ikusi da astegunetako funtzionamendu horietara iristea. Horregatik erabaki zen bi aste oso hartzea. Horrez gain, Euskaraldia martxan jarri zenean ere esan genuen ikuspegi progresibo batetik ekiten geniola Euskal Herriari. Beraz, garrantzitsua iruditu zitzaigun izaera progresibo hori jendeari ikustaratzea ere. Lehenengo ariketa 11 egunetan gauzatzea eta bigarrenak hamabost egun irauteak ere progresibitate hori islatzen du.
Irailean herri batzordeek izena emateko epea zabaldu zenuten. Erantzuna nolakoa ari da izaten?
Badihoa, bere neurrian. Beharbada, aurten gertatu dena da jendeak badakiela zer den Euskaraldia. Hori alde batetik oso ona da, jendeak informazioa badaukalako, baina bestetik, lasaitasun puntu bat ere sortzen du batzuetan. Gu ari gara jendeari gogorarazten batzordeak martxan jarri behar direla, udalei ere gogorarazten izena eman behar dutela eta motorrak berotzeko garaia dela. Bide horretatik, egokia iruditu zitzaigun martxan jartzeko beharraren gogorarazpen hori egiteko Lekeition ere hitzaldia eskaintzea.
Esnatzeko garaia dela esateko.
Ariketa datorren urtean gauzatuko denez, herri batzuetan egon daiteke lasaitasun ikuspegi hori. Baina Euskaraldia bezalako egitasmo konplexu eta zabal bat antolatzeak denbora asko eta prestaketa lan handia eskatzen du. Ariketa ganoraz egiteko oraintxe hasi behar gara. Lekeitio bezalako herrietan garrantzitsua da herri batzorde indartsu bat egotea eta entitateak lantzeko planifikazioa ere ondo lantzea. Herri batzordearen eta udalaren artean funtzio banaketa bat egin behar denez, ondo bereiztu behar da udaletik zer landuko den eta zer herri batzordetik. Dena dela, kontuan eduki behar da entitateak landuko diren lehen aldia izango dela. Garrantzitsua da iritsiko garen esparru hori ondo lantzea, ez dago lehenengo urtean dena landu beharrik.
Iazko marka gainditzea zaila izango da ba.
Bai, baina esan duguna: gehiago eta sakonago. Iaz parte hartu zuen herritar multzoa hor egongo da. Iazko ariketan hutsune batzuk ere ikusi ziren. Esaterako, rolak hobeto azaldu behar direla ikusi genuen. Hau da, ahobizi izatea eta belarriprest izateak zer esan nahi duen. Aurten, adibidez, asko ari gara azaltzen ariketan parte hartzen dugun denok garela belarriprestak, eta belarripresten artean, azken batean, ahobiziak garela belarriprest berezi batzuk. Adinari dagokionez ere, badago lanketa bat egiteko beharra. Lekeition, adibidez, gazteen presentzia baxuagoa izan zen. Hor badago ondo landu ahal den puntu bat. Gizonezkoen presentzia ere txikiagoa izan zen… Hutsune horiek guztiak eta entitateen azterketa on bat egiteko garrantzitsua da herri batzordeak garaiz aktibatzea. Aurreko Euskaraldiak utzitako zapore gozoa eta gero, hurrengoak oraindik are gozoagoa utzi behar digu.
Lea-Artibai bezalako arnasguneek zer suposatzen dute Euskaraldian?
Arnasgune garenoi dagokigu prozesuaren motore izatea. Nik uste dut oso garrantzitsua dela Lekeitio bezalako herrietan euskararen normalizazioaren aldeko aktibazio soziala indartzea. Esango nuke garrantzitsua litzatekeela ere, eta horretaz hitz egingo dugu hitzaldian, euskararen normalizazioaren alde jardungo duen talde egonkor bat sortzea, Euskaralditik aparte lan egin ahal izateko.
Ibilbide propioa edukiko lukeen taldea diozu?
Bai. Topagunetik hori asko ari gara nabarmentzen. Euskaraldiaren herri batzordeak antolatzeagaz batera, garrantzitsua litzateke ikuspegi estrategikoago bat izango luketen taldeak antolatzea herriz herri. Euskaraldian antolaketan ibiliko liratekeenak, baina herri eta eskualde ikuspegi zabalago bategaz. Adibidez, Lea-Artibai osoa hartuko lukeen euskara elkarte indartsu bat sortzea estrategikoa iruditzen zait.