Ondarroako Udaltzaingoak kalean sufrea ez botatzeko gogorarazi du
Udaltzaingoak ohartarazi duenez sufrea botatzeak ez du animaliek euren beharrizanak egitea saihesten. Azufrea ukitzeak edo hautsa arnasteak berriz, kalteak eragin ditzake pertsonengan eta animaliengan.
Azkenaldian sufrea agertu da Ondarroako hainbat eraikinetako zutabe eta hormetako behegainean, eta Udaltzaingoak osagai kimikoa kalean zabaltzea debekatuta dagoela gogorarazi nahi izan du. Nabarmendu dutenez, ohitura hori oso arriskutsua da bai pertsonentzat eta baita animalientzat ere.
“Askok uste dute sufrea botatzea animaliek euren beharrizanak ez egiteko metodo bat dela, baina inoiz ez da frogatu zientifikoki horrek eraginik duenik. Frogatuta dagoena da bai pertsonei eta baita animaliei ere sufrea ukitzeak edota bere hautsa arnasteak mina eragin ditzakeela”. Udaltzaingoak herritarrei ohartarazi nahi die herriko lekuren batean (behegainean edota zutabeen inguruan) hauts horirik ikusiz gero abisua emateko.