Organo eta oboe doinuak bateratuko ditu Xemeingo kontzertuak
Bizkaiko Hotsak organo jaialdiaren emanaldia egongo da zapatuan Markina-Xemeingo parrokian. Pantaila jarriko dute kontzertua jarraitzeko.
Organoa eta Oboea batera entzuteko aukera eskainiko du aurten, Markina-Xemeinen, Bizkaiko hotsak Diego de Amezua XIV. Organo jaialdiak. Saskia Roures organista eta Francisco Gil oboe jotzailea batera ariko dira zapatuan [azaroak 16] 19:30ean Xemeingo Andra Mariaren Jasokundearen parrokian emango duten kontzertuan.
Kontzertu atsegina eta entzuteko polita izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Organoa eta oboea batera entzutea ez omen da ohikoa izaten, eta beraz, aukera polita edukiko dute Xemeinera hurreratzen diren guztiek. Jakinarazi dutenez, gainera, emanaldia doan izango da, eta aldare aurrean pantaila bat jarriko dute musikarien lana zuzenean ikusi eta jarraitu ahal izateko.
Artistak. Ibilbide oparoa duen musikaria eta irakaslea da Saskia Roures. Aragoiko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan irakasle da egun, eta, aldi berean, nazioarteko jaialdi eta zikloetan ematen ditu kontzertuak. Espainian, Portugalen, Italian, Eslovakian, Suitzan, Holandan, Errusian eta Austrian eskaini ditu emanaldiak besteak beste. Beste diziplina batzuetako musikari eta artista batzuekin ere ari ohi da lankidetzan. Francisco Gilegaz batera, esaterako, hainbat garai eta estilotako musika esploratzen duen Miscelanea XVIII-21 bikotea osatzen du.
Jose Luis Gonzalez Uriol eta Michael Radulescu maisuekin ikasi zuen, eta Vienako Musika eta Arte Dramatikoko Unibertsitatean osatu zituen ikasketak.
Irakasle (Aragoiko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan) eta musikaria da bai eta Francisco Gil ere. Vicente Marti irakaslearekin Valentziako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musika ikasketak amaitu ondoren, Kanaria Handiko Orkestra Filarmonikoan oboe eta adar ingelesa bezala sartu zen, gerora oboe bakarlari postua hartuz. Orduz geroztik, hainbat kontzertu eta emanalditan parte hartu du orkestra ezberdinekin: Las Palmasko Bach orkestragaz, Las Palmasko Camerata Musica Vivagaz, Sicania haize boskoteagaz, Cordobako Orkestrako haize boskoteagaz, Asturiasko Orkestra Sinfonikoagaz, Gaztela-Leongoagaz, Balearretako Sinfonikoagaz, Bartzelonako Sinfonikoagaz eta abar.
Alfredo Bernardinigaz osatu zituen ikasketak Kataluniako Goi Mailako Eskolan (ESMUC), eta Los Mvsicos de Sv Alteza orkestrako kidea izateagaz gainera beste talde batzuekin ere aritzen da.