Zapatuan egingo dituzte Mutrikuko Herri Krosa eta Kros Txikia
Mutrikuko Talaixa Triatloi Klubak eta Mutrikuko Udalak elkarlanean antolatuta, hamazazpigarrenez Herri Krosa egingo dute zapatuan [azaroak 16]. Lasterketa 16:30ean hasiko da Goiko Plazan, eta 16 urtetik gorako kirolariek parte hartzeko aukera edukiko dute.
Proban parte hartu nahi dutenek Herrikrosaren web atarian eman dezakete izena aurretiaz. Bihar [azaroak 15] da horretarako azken eguna. Zapatuan bertan 15:00etatik aurrera ere izena emateko aukera edukiko dute korrikalariek Goiko Plazan ipiniko duten mahaian. “Beharbada, ez du korrika egiteko eguraldi aproposik egingo, baina giro polita egongo da. Jendea parte hartzera gonbidatu nahiko genuke. Bukaeran txorizo egosi beroa eskainiko diegu denei”.
Ohi modura, korrikalariek 10 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Zehatz esanda, Debara joan-etorria egin beharko dute kostaldeko errepidetik zehar. Errepidean obrak egiten ari badira ere, lasterketa “normaltasunez” egingo dela aurreratu dute antolatzaileek. “Ibilbiderik ez dugu aldatuko. Zati batzuetan antolakuntzako boluntarioak egingo dira zirkulazioa zuzentzen, eta horien gomendioak jarraitzeko eskatu nahi diegu gidariei. Korrikalarien segurtasuna bermatzeko lasterketaren zentzuan doan bidea itxita egongo da, gehienez ere, ordu erdi”.
LH3tik 6ra bitartekoek ere euren neurrira moldatutako Kros Txikian parte hartzeko aukera edukiko dute. Proba 16:00etan hasiko da Goiko Plazan. Saltaka egiten lehenak LH3 eta 4koak izango dira; 600 metroko ibilbidea osatu beharko dute Goiko Plazatik San Nikolas ermitaraino. LH 5 eta 6koek, berriz, distantzia bikoitza osatu beharko dute, Goiko Plazatik Santabaraino. “Bi lasterketak neutralizatuta egingo dira. Denak batera joango dira korrika, eta azken zatian bakoitzak nahi duen erritmoan korrika egin ahal izango du”.