Auzo batzarrak antolatu ditu Mutrikuko Udalak
Partaidetza bultzatu eta herritarren ekarpenak jasotzeko helburuarekin, informazioa partekatzeko batzarrak antolatu dituzte Mutrikun. Lehen bi batzarrak eguaztenean eta zapatuan deitu dituzte.
Auzoz auzokako batzarrekin hastear dira Mutrikun. Udal ordezkariek jakitera eman dutenez, datozen asteetan udalak herritarrekin informazioa partekatzeko batzarrak egingo ditu udaletxeko areto nagusian. Oro har, auzotarrek dituzte kezkak lehen eskutik entzun ahal izango dituzte udal ordezkariek. “Batzarrak auzoka antolatu dira, ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi delako, eta auzoetako informazioa ahalik eta zehatzena lortu nahi delako”.
Lehen bi auzo batzarrak asteon egingo dituzte. Eguaztenean [azaroak 20], 18:30ean, Erdiko kale, Konde kalea, Atxitxin kale, Atxitxin aldapa, Beheko Plaza, Barrenkale, Ipar kale, San Gil, Frontoiko aldapa, Sabanika, Azkiaga, Tranpa kale, Nasa kalea, PiƱastegi, Burumendi eta Ibirriagako auzotarrekin batuko dira. Zapatuan [azaroak 23], 11:00etan, berriz, Goiko Plaza, Ibaibarriaga, Ezeiza, Lehendakari Agirre, Madalena, San Migel, GaztaƱeta, Altzibar, Entzus, Kanteratzea, Iriagirre, San Agustin, Hirigibel, Samikolla, Isabel Lobiano eta Olatz bideko auzotarren txanda izango da.
Beste auzoetako batzarrak hurrengo asteetan egingo dituztela iragarri dute. Batzar bakoitzean auzo edo kaleetako bizilagunak batuta, bi gai nagusi izango dituzte hizpide. Alde batetik, partaidetzari buruz ariko dira. “Udalak datozen urteetan herritarrekin harremanak nola bideratu nahi dituen azalduko da”. Eta, bestetik, herritarren ekarpenak jaso nahi dituzte. “Herritarrek udalari bere auzoari buruz adierazteko dituztenak adierazteko aukera egongo da, ahal den neurrian datorren urteko aurrekontuan islatzeko eta udalaren eginbeharren zerrendan txertatzeko”.
Nabarmendu dutenez, aurrekontuarekin lotutako batzar orokorrek jarraipena edukiko dute hurrengo hilabeteetan. “Alde batetik, udala eta herritarrak etengabeko harremanean egoteko, eta, bestetik, udalak bere asmoen berri agertzeko eta herritarrek udalari beraien eskaeren berri emateko”.