Madrilgo El Quijote irekia irabazi du Ager Solabarrieta tiratzaile ondarrutarrak
Ondarrutarrak txapelketa irabazi badu ere, sentsazio gazi-gozoekin bueltatu dela aitortu du. Lehen 25 tiroak gaizki jaurti zituen, baina egoerari buelta eman eta alde nabarmenagaz txapelketa irabaztea lortu du.

Asteburuan Madrilgo (Espainia) Cantoblanco tirogunean lehiatu den El Quijote irekia irabazi dute Ager Solabarrieta tiratzaile olinpikoak eta Maite Badiola haren laguntzaileak, euskarri gabeko 60 tiro zutikako kategorian. Solabarrietak estreinako parte hartu du txapelketan, eta 554,5 puntu lortu ditu. Garaipena alde nabarmenagaz lortu badu ere, sentsazio gazi-gozoekin bueltatu dela aitortu du Solabarrietak.
Azaldu duenez, lehen 25 tiroak gaizki jaurti zituen. “Lehenengo hiru serieak oso eskasak izan ziren. Posizio egokirik ezin hartuta ibili nintzen, eta konturatu orduko 25 tiro jaurti nituen. Gure modalitatean oso garrantzitsua da posizioa ondo hartu eta mantentzea, eta postura ez nuenez egoki hartu, ohi baino txartoago jaurti nuen”.
Baina txarto hasi bazen ere, egoerari buelta ematea lortu zuen kirol egokituan aritzen den ondarrutarrak. “Karabina laga, eta irtetzea erabaki nuen. Arnasa sakon hartu, eta berriro hasi nintzen. Gainontzeko tiroak ondo jaurti nituen, eta egoerari buelta emanda, txapelketa irabaztea lortu nuen; nire aurreko errekorraren besteko puntu lortu nituen”.