Ondarroan izan dira Naziorteko Kaioen Kongresuko parte hartzaileak
Kaioen ikerketan aritzen diren Europako hainbat aditu batu dira asteburuan Donostian egin den kongresuan. Irteerak egin dituzte, eta horien artean, garrantzitsuena Ondarroara egindakoa izan dela azpimarratu dute.

Nazioarteko Kaioen Kongresua egin dute asteburuan Donostian, Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologi Sailaren eskutik. Urtean behin Europan egitgen den kongresu horrek kaioen ikerketan diharduten Europa mailako adituak erakartzen ditu. Hitzaldiak eta abar egiteaz gain, irteerak ere egin dituzte, kalatxoriak ikusteko eta aztertzeko. Esan dutenez, irteerarik garrantzitsuena Ondarroara egin zuten, zapatuan [azaroak 16].
Ondarroara egindako irteera jardunaldiei amaiera emateko izan zela esan dute. “Gure kostaldeko kaioak behatzeko egindako irteera guztien artean Ondarroa izan zen lekurik garrantzitsuenetakoa. Kantauri isurialdeko arrantza porturik garrantzitsuenatarikoa da Ondarroakoa, eta bertara Europa iparraldetik kaio asko joaten dira negua pasatzera”. Asteburuan, hain zuzen ere, Europako iparraldean eraztunak ipinitako kaio asko ikusi ahal izan dituzte Ondarroan. “Kongresuko parte hartzaileen artean Europako iparraldean kaio horiei eraztunak ipinitakoak zeuden, eta izugarrizko ilusioa egin zieten kaio horiek Ondarroan ikusteak”.
Ondarroan ikusitako kaioen artean, besteak beste, ondokoak zeudela esan dute: kaio hankahoriak, kaio ilunak, kaio hauskarak, kaio beltzak, kaspiako kaioak, antxeta mokogorriak eta kaio buru beltzak.
Aurten ondoko herrialdeetako adituek parte hartu dute kongresuan: Ingalaterra, Norvegia, Alemania, Bielorrusia, Kroazia, Bulgaria, Italia, Finlandia, Herbeherak, Belgika, Bulgaria, Errumania, Suedia… Eta horien guztien artean, IMEDEA-CSICeko Giacomo Tavecchia ikertzailea egon da; berak eskaini zuen inaugurazio hitzaldia. “Zientzilari italiarra mediterraneoko kaioen demografian eta ekologian da aditua”, zehaztu dute Arazadikoek.












