Argazki Lehiaketa antolatu du Ondarroako Hondar Ahua guraso elkarteak
Lehiaketa zazpigarrenez antolatu du Zaldupe ikastetxeko Hondar Ahua guraso elkarteak, Ondarroako Argazkizaleak Antxo2 taldeen laguntzagaz.
Aurtengo gaia animaliak dira, eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, argazkiak aurkezteko epea zabalik dago azaroaren 22ra arte. Lanak 16:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira Zaldupe eskolako idazkaritzan.
Lehiaketaren oinarriei dagokienez, parte hartzaile bakoitzak norberak ateratako argazki bakarra aurkeztu ahal izango du. Argazkia gutun-azal baten sartu eta gutun-azal horretan beste gutun-azal txikiago batetan norbere datuak idatzi behar dira. “Izen-abizenak, adina, ikasmaila eta argazkia non aterakoa den adierazi behar dira. Argazkiak ez du ezer idatzita eduki behar”.
Lau kategoriatan banatuko dituzte sariak. 6-7 urteko irabazleak Berrizen bost pertsonentzako zaldi irteera irabazteko aukera edukiko du. 8-9ko irabazleak Deban bost pertsonentzako surf ikastaroa irabaz dezake, eta 10-11ko irabazleak Errratzun bost pertsonentzako rafting irteera. 18 urtetik gorako onenak, berriz, egonaldi bateko opari kutxa bat jasoko du. Iragarri dutenez, sari banaketa hilaren 29an egingo dute, 15:30ean, Zaldupe eskolako areto nagusian.