Bizkaiko eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuek urteko bilketa nagusia egingo dute asteburuan
Barikuan [azaroak 22] eta zapatuan [azaroak 23] egingo dute bilketa Markina-Xemein, Lekeitio eta Mutrikuko denda eta komertzioetan. Boluntarioak behar dituztela azaldu dute.
Urtero legez, Gabonen atarian, urteko bilketa nagusia egingo dute Bizkaiko eta Gizpuzkoako Elikagaien Bankuek. Barikuan [azaroak 22] eta zapatuan [azaroak 23] egingo dute bilketa udalerrietako denda eta komertzioen parte hartzeari esker, eta horrela, nahi duten pertsona guztiek izango dute laguntzeko aukera.
Markina-Xemein, Lekeitio eta Mutrikuko dendetan ere egingo dute bilketa erraldoia. Dendak zabalik dirauten ordutegian egingo dutela bilketa azaldu dute herri horietako antolatzaileek. Karitasen bidez antolatu dute bilketa Markina-Xemeinen, eta azaldu dutenez, 09:00etatik 21:00etara egongo dira boluntarioak Eroskin janaria batzen. Lekeitioko Eroski handian eta txiki bietan ere batuko dituzte elikagaiak. Barikuan 09:00etatik 21:00etara, eta zapatuan txikietako batean 09:00etatik 14:00ak arte eta bestean 09:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara egingo dutela bilketa azaldu du Marisol Iturraspe Lekeitioko Elikagaien Bankuko arduradunak.
Oinarrizkoak diren hainbat elikagai jaso nahi dituzte batez ere, hala nola, olioa, kontserbak, kakaoa, lekaleak eta azukrea. “Alperrik galtzen ez diren janaria da, batez ere, behar duguna”, azaldu dute.
Aurtengo ekitaldian ere bi era egongo dira laguntzeko. Alde batetik, betiko modura elikagaiak erosi, eta egitasmoan parte hartzen duten komertzioetan bertan utzita, eta, bestetik, iazko bilketan jada martxan jarri zuten bonu bidezko sistemaren bidez. Azken hori, baina, Eroski supermerkatuetan erabili ahalko dela jakinarazi dute. Horren bidez, lagundu nahi dutenek diru laguntza bat emango dio supermerkatuko kutxazainari, eta Elikagai Bankuak diru kantitate hori erabili ahalko du produktuak erosteko. “Sistema horrek momentuan beharrezkoak diren elikagaiak erosteko aukera ematen du. Diru hori da hobetoen aprobetxatzen dena, ez du behar garraiorik eta ez du epemugarik. Behar denean behar duena hartzen du Elikagaien Bankuak”. Azaldu dutenez, bakoitzak nahi duen diru kopurua eman dezake, “ahal duen neurrian”.
Mutrikuko elikagai bankuak herriko 20 saltokitan jasoko dituzte jakiak eta bestelako produktuak. Aldez aurretik kartela ipinita dagoen janari dendetan, Plaza Merkatuan, botiketan eta drogerietan hainbat jaki jasotzen egongo dira, baita umeentzako pixoihalak, esnea eta poteko janaria ere. Arrandegi eta harategietan, berriz, itsulapikoak ipiniko dituzte. “Itsulapiko horietan jasotzen den diruarekin abenduaren 12an egingo dugun banaketarako produktu freskoak erosiko ditugu: arraina, haragai eta fruta, esaterako”.
Herriko dendetan ez eze, saltoki handiagoetan ere egingo dute bilketa. Mutrikuko Elikagai Bankukoek Mijoa auzoan dagoen DIA saltokian ere egingo dute bilketa 09:00etatik 21:00etara.
Boluntarioak. Bilketa oso garrantzitsua dela azpimarratu dute herri guztietan, izan ere Elikagaien Bankuek urte batean ematen duten guztitik lauren bat jasotzen dute bilketa handi horretan, eta herritarrei parte hartzeko eskatu diete. Bilketa egiteko, bestalde, boluntarioen beharra izaten dute, eta boluntario modura parte hartzeko deia ere egin dute herri guztietan. “Binaka edo hiruna laguneko txandak antolatzen ditugu. Ordu asko dira eta laguntza behar izaten dugu”. Zehaztu dutenez, boluntarioek kanpainaren berri eman eta jendeak emandako janaria batu eta kaxetan gorde behar dute. Beraz, boluntario modura parte hartu nahi dutenek antolatzaileekin kontaktuan jartzea besterik ez dute egin behar. “Beso zabalik hartuko ditugu”.
Batzar irekia Ondarroan. Bestalde, beharrizana duten Ondarroa eta Berriatuko familiei elikagaiak banatzez arduratzen den Danonartin elkarteko boluntarioek jarduna behin-behinean bertan behera utziko dutela jakitera eman dute. Hori dela eta, herritar guztiak deituta dauden batzar irekia egingo da azaroaren 26an, 18:00etan, Kofradia Zaharrean, herritarrei elkartearen funtzionamendua azaldu eta boluntarioak batu asmoz.
Ondarroako Udaleko Ongizate Batzordetik eta Danonartin Elkartetik oso garrantzitsua dela uste dute boluntarioak hainbat arinen aurkitzea: “funtsezkoa bezain garrantzitsua beharrizanak dituzten herriko hainbat familiarentzat”. Hori dela eta, dozena bat laguneko adin desberdinetako taldetxo bat osatzea dute helburu, “elkartearen funtzionamendua bermatzeko”. Jakinarazi dutenez, elkarteko boluntarioek hilabetean behin kamioia deskargatzen dute, eta elikagai orgatxoak prestatu eta banatzen dituzte.