Jabi Asurmendi Arakaldoko alkateak hartu du Udalbiltzaren aginte makila
20. urteurrena bete du Udalbiltzak eta zapatuko Batzar Orokorrean aurkeztu zuten zuzendaritza talde berria. Jon Arriola Berriatuko alkateak Batzorde Eragileko kide izaten jarraitzen du. Bestalde, Markina-Xemeingo Udalak Udalbiltzatik irtetea erabaki du.
Jabi Asurmendi Arakaldoko alkatea da Udalbiltzaren lehendakaria eta zapatuan Durangoko San Agustin Kultur Gunean egindako Batzar Orokorrean hartu zuen aginte makila. Batzorde Eragilea berritu du erakundeak, eta Pili Legarra Asteasuko alkatea eta Irantzu Antoñana Vianako zinegotzia dira lehenkariordeak.
Zuzendaritza taldean jarraitzen du Jon Arriola Berriatuko alkateak, eta hauek dira gainontzeko kideak: Lamia Arcas (Laudioko zinegotzia, Araba), Asier Gonzalez (Bilboko zinegotzia, Bizkaia), Itziar Amezaga (Errigoitiko zinegotzia, Bizkaia), Andoni Gartzia (Astigarragako zinegotzia, Gipuzkoa), Koro Etxeberria (Hernaniko zinegotzia, Gipuzkoa), Xanti Kapendegi (Ahetzeko zinegotzia, Lapurdi), Xebax Christy (Hazparneko zinegotzia, Lapurdi), Aitor Elexpuru (Berako alkatea, Nafarroa) eta Oihan Mendo (Garesko alkatea, Nafarroa).
Zuzendaritza talde berria aurkeztu eta aho batez onartu zuten Udalbiltza osatzen duten hautetsiek, zapatuan. Luis Intxauspe aurreko lehendakariaren eskutik jaso zuen Asurmendik aginte makila.
Omenaldia. Udalbiltza 20. urteurrena ospatzen ari da aurten, eta bere sorreran zein hurrengo urteetan egindako lana aitortu zieten hainbat kideri Durangoko ekitaldian. Omendutakoen artean egon ziren Loren Arkotxa Ondarroako alkate ohia eta Udalbiltzako lehendakari ohia eta Maribi Ugarteburu Amorotoko alkate ohia eta Udalbiltzako kidea. Horiekin batera, honako hauek egon ziren zapatuan: Mertxe Aizpurua, Luis Intxauspe, Xabier Alegria, Pablo Gorostiaga, Imanol Esnaola, Meritxel Elgezabal, Santo Kiroga eta Roke Akizu.
Unean-uneko euskal gizartearen kezka eta beharretara egokitzearen beharrarekin batera, Udalbiltzan datozen urteetarako ezarri dituzten erronkak nabarmendu zituen Asurmendik: “Elikadura eta energia burujabetza, Euskal Herriaren barne kohesioa, herrien garapena, turismo eredu jasangarria… Udalbiltza guzti honi nazio mailako erantzuna emateko ezinbesteko erakundea dugu. Herrietatik eta kontzejuetatik gertu egon garen eta lekuan-lekuko arazoei aurre egiten laguntzeko prest gauden erakundea gara”.
Herri txikiak eta oro har, landa eremuak “husten” ari direla aitatu zuen: “Lurralde desoreka eta herri txikien despopulazioak, zinez kezkaturik gauzka. Egoera horri buelta ematen hasteko garai da. Ekonomia sozial eraldatzailearen bidez, egoera lazgarri honi buelta ematea posible da, gaitasunak batuz eta kontzientziazioa landuz”. Gaur gaurkoz, bost proiektu nagusi garatzen ari dira: Hartu-eman esperientzia eraldatzaileen bankua; euskal unibertsitateetan sortzen den ezagutza, herrien garapenaren mesedetara jartzea asmo duen Ikerbiltza programa; senidetzeen bidez, Euskal Herriaren barne kohesioa lantzea xede duen Hurbiltzen plana; Lurgida, Euskal Herriko app turistikoa; eta Hauspotu, ekonomia sozial eraldatzailearen bidez, lurralde desorekari aurre egiteko egitasmoa.
Gaur egun, 1100 hautetsi inguruk eta 77 udalerri partzuergokidek osatzen dute Udalbiltza. Markina-Xemeingo Udalak Udalbiltzatik irtetea erabaki du. 2015eko urriko osoko bilkuran onartu zuten Udalbiltza Partzuergoan sartzea. Erakundeari eskaera luzatu, eta haren abenduko Batzar Orokorrean onartu zitzaion patzuergokide izatea. Lea-Artibaiko udalerri hauek daude Udalbiltza Partzuergoan: Amoroto, Aulesti, Berriatua, Munitibar, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar.