Dena prest dago 42. Euskal Zine Bilerari hasiera emateko
Gaur [azaroak 20] goizean egin dute jaialdiaren aurkezpena Bilboko Euskal Museoan. Hogei film laburrek parte hartuko dute lehiaketan.
Iazko aurrerapauso guztien ondoren, Euskal Zine Bilerak aurten bere zutabeak indartzen jarraituko duela azpimarratu dute gaur [azaroak 20] Bilboko Euskal Museoan egin duten jaialdiaren aurkezpenean. Bertan egon dira Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaria, Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaria, Koldo Goitia Lekeitioko alkatea eta Aitor Gametxo eta Xabier Arrate 42. Euskal Zine Bileraren arduradunak. «Euskarazko zinemaren presentzia indartzeko helburua duen jaialdia da Euskal Zine Bilera: egin diren, egiten ari diren eta egingo diren euskarazko filmen eztabaidarako eta ikuskaketarako bilgunea», esan dute.
Zapatuan [azaroak 23] hasi eta azaroaren 30era bitartean ospatuko den jaialdiak Euskal Herriko ikus-entzunezko sektorearen atal ezberdinak bilduko ditu berriz ere, zinemako profesional eta zaleak biltzeko gunea eraikiz. Era berean, euskal arlo profesional eta ez-profesionalak landuko ditu hainbat jardueren bidez: sektorearekin harremanak lantzeko hitzaldi eta lantegiekin, herriko ondarearen irudiak berpizteko ekimenekin, ikas komunitateri zuzendutako lantegiekin, omendutako figurei eskainitako atzera begirakoekin, eta, zelan ez, film laburren lehiaketagaz. Gainera, azaldu dutenez, elkarlanak bultzatuko dituzte euskararen sustapena lantzen duten erakundeekin: «gure hizkuntza da-eta Euskal Zine Bileraren oinarri nagusietako bat».
Azaroaren 25etik 28ra egongo da lehiaketan parte hartuko duten hogei filmekin gozatzeko aukera. Aurten 57 izan dira lehiaketara aurkeztu diren lanak eta horietatik 20 aukeratu ditu Kepa Errasti aktore eta gidoigileak, Lara Izagirre zuzendari eta ekoizleak eta Igor Rezola artista eta irakasleak osatutako epaimahaiak. Lehiaketan hautatuak izanagatik film labur bakoitzaren egileak edo egileek 200 euro jasoko dituzte. Horrez gain, lau sari egongo dira jokoan: zuzendaritza, gidoia, film onena eta ikusleen saria.
[LEHIAKETAN PARTE HARTUKO DUTEN FILMAK]
Euskaltzaleen Topaguneak bi urterik behin ematen dituen Benito Ansola Sarien baitan, pitching saioa egingo dute aurten, hiru finalisten lanak ezagutzeko. Sortzaileek euren proiektuak defendatu beharko dituzte Amancay Gaztañaga eta Lara Izagirrek osatutako epaimahaiaren aurrean.
Bestalde, (H)emen plataformarekin elkarlanean, profesionalen III. topaketak antolatuko dituzte. Ikus entzunezkoetan musika egiten duten emakumeen arteko mahaingurua antolatu dute: Ikus entzunezkoetako emakume musikagileak: olatu berria. Lara Izagirre zinegile Zornotzarrak gidatuko du mahaingurua eta saio ireki eta parte hartzailea izatea nahi dute, bai sektoreko kideei zein edozein hartzaileri zuzenduta.
Elkarlanean. Euskaltzaindia eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin elkarlanean, ekimen berezi bi ere aurkeztuko dituzte jaialdian. Alde batetik, Euskaltzaindiarekin egindako elkarlanaren bidez, Euskaltzaindia: Egunak eta lanak izeneko dokumentala proiektatuko dute eta, ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin solasaldia egingo da. Bestalde, Uemak arnasguneak indartu nahi ditu Arnasa Gara izeneko kanpainarekin eta Kartzela izeneko serie digitala sortu dute. «Kanpainaren elementu berritzailea izango da, ez baita sekula egin arnasguneei buruzko fikziozko lanik».
Era berean, Juanmi Gutierrez omenduko du aurtengo Euskal Zinemaren Begiradak. «Errenteriarrak film labur eta dokumentalgintzan ekarpen oparoa egin dio euskal zinemagintzari, baita ikerketaren eta irakaskuntzaren alorretan ere». Hori dela eta, Lekeition aurkeztu eta sarituak izan ziren hiru film labur proiektatuko dituzte: Itxoiten (1982), Izeba Rosa (1984) eta Urbeltzak, Orosia (2003). Eta bere azken lana izan zena ere Lekeition estreinatuko da primizian: Denbora aldakorra (2019).
Euskal Zine Bilerak iraganera ere begirada botatzen du Atzo8 proiektuarekin eta Zinemaren artisauak ekimenagaz Euskadiko amateur zinemaren historia sortzea proposatu dute aurten. Horrela, Elias Querejeta Zine Eskolako ikerketa taldeak koordinatutako saioan, Euskal Zine Bilerak Lekeitioko bi euskal zinemagile amateurren ibilbideari begiratuko dio eta euren hiru film aurkeztuko ditu. Hala, Benito Ansola eta Jose Luis de la Torreren lana ezagutaraziko dute.
Lekeitioko ikas-komunitateak ere edukiko du bere tartea bileran. Lekeitioko Azkue Ikastolako eta Iturriotz Institutuko DBH3ko ikasleentzako emanaldia egongo da. Neska Banda (GirlHood) filmaren proiekzioa eskainiko dute euskarazko azpitituluekin. Lekeitioko ikastetxeetako ikasleentzako emanaldia izango den arren, proiekzioa publikoa eta doakoa izango da gainontzeko publikoarentzat, aforoa bete arte.
Zapatuan [azaroak 23], 19:00etan, Ikusgarri aretoan egingo den hasiera ekitaldian aurkeztuko diote jaialdia publikoari, Ana Goitia eta Aitor Abaroa lekeitiarren eskutik.