Hamar familiak bat egiten dute Bizilagunak egitasmoagaz aurten
Kulturaniztasuna eta bizikidetza bultzatzen dituen proiektua aberasgarria dela azpimarratzu dute parte hartzaileek.
Hirugarren urtez, Bizilagunak proiektuagaz bat egin dute berriatuarrek. Kultura ezberdinen arteko pertsonak jatorduan batzen ditu elkarbizitza sustatzea helburu duen ekimen honek.
Kultura arteko harremanak sendotzeko egun bakarreko gauza bada ere, egunak “asko ematen” duela nabarmendu dute parte hartu duten familiek. “Konturatzen ez garen hesi batzuk zeharkatzen dira, batez ere gure kulturan. Kalean batzeko ohitura daukagu eta halako bazkari batek asko ematen du”. Beste mundu bat zabaltzen zaie parte hartzen dutenei: “Adibidez, janari zein jateko modu desberdinek bat egiten dute. Behean eserita jatea edota eskuekin jatea esperimentatzeko aukera ematen du. Gauza bat da zelan egiten duten jakitea, baina euren etxera joan eta bizitzeak asko aberasten du”.
Hamar familiak bat egin dute aurten; bost bazkaritan elkartu dira. “Askok errepikatu egin dugu eta beste batzuk lehenengoz parte hartu dute. Etorkinek ere egun hau edukitzea baloratzen dute. Herri txikia da gure, eta kalean elkar ezagutzen dugu, baina desberdina da norberaren etxean jendea sartzea edo norbaiten etxera joatea. Beste konfiantza maila bat sortzen da horregaz”.
Antolakuntza lanetan aritu direnek parte hartu duten denei eskerrak eman dizkiete. Gipuzkoako SOS Arrazakeriak elkartearen bidez egiten dute udalerrian. Baina, egun honetaz gain, beste egun batean ere elkartzen dira familiak. “SOS Arrazakeriak-etik diploma batzuk bidaltzen dizkigute parte hartzaileen artean banatzeko”.
Aparteko esperientzia da, berezia. Eskualdean bakarrak izan dira berriatuarrak, eta herrikoak zein inguruetako bizilagunak egitasmoan parte hartzera animatu dituzte. Gogora ekarri dute familia eredu anitza kontutan hartzen dela: “Ez da zertan bikotea umeekin izan behar. Edonork parte hartu ahal du familia moduan; lagun talde batek, pertsona bakarrak…”. Proiektu interesgarria dela azpimarratu dute: “Balorazio oso positiboa egiten dugu. Horrela segitzea da gure asmoa; egiten dugunok pozik egotea, positiboki baloratzea. Eta jende gehiago animatzen bada askoz ere hobeto”.
Antolaketa erreza daukala diote: “Ez da behar nekeza. Denekin kontaktatu, jende berria ezagutu, herriko kulturaniztasunaz jabetu eta horren arabera familia batzuengana joatea behar polita izaten da. Beste herrietara ere zabalduko balitz eta eskualde moduan ahalko bagenu egin polita izango litzateke”.
Euskal Herriko, Europako eta munduko herri eta hirietako beste hainbat etxe bihurtzen dira zurrumurru xenofoborik gabeko kulturaren arteko elkarbizitzaren aldeko topagune. Egun bateko ekintza bada ere, egunero-egunero kulturaniztasunean elkarbizitzeak aberasten duenaz ohartzeko eta hausnartzeko balio du.