Oholtzara bueltatuko da Mutrikuko Goizeko Izarra antzerki taldea
'Argazkiak' eta 'Beldurrari aurre egin' lanak estreinatuko dituzte domekan Goizeko Izarra antzerki taldeko kideek. Agertokira bueltatzeaz gain, urteurren berezia ospatzeari ekingo diote.
Mutrikuko Antzerkiaz Blai! jaialdiaren baitan bi antzezlan taularatuko dituzte domekan [azaroak 24], 19:00etatik aurrera, Goizeko Izarra antzerki taldeko kideek. Urtebeteko etenaldia egin ondoren, oholtzara bueltatzeko gogotsu daudela nabarmendu dute. Argazkiak eta Beldurrari aurre egin lanak estreinatuko dituzte Zabiel kultur etxearen ganbarako agertokian. Antzezlanak 14 urtetik gorakoentzat zuzenduta daudela azpimarratu dute. “Bigarren antzerkia oso gogorra da, eta gazteenek ez lukete ulertu ere egingo”.
Antzerki taldeak, gainera, iaz 25 urte bete zituen, baina ospakizunei domekako antzezpenekin emango diete “kolorea”. “Ospakizunei ikututxoa emango diegu domekan. Iaz ezin izan genuen oholtzan egon, eta horregatik ekingo diegu orain 25+1 ospakizunei. Ez hori bakarrik, lehen taldea sortu zeneko 50+1 urteurrena ere ospatzeari ekin diogu”, azaldu du azken 25 urteotan zuzendari lanetan ibili den Arantza Ugartek.
Jardunaldiari hasiera emateko, Argazkiak lana taularatuko dute. “25 urteko lana zelan irudikatu da istoriaren ildo nagusia. Protagonistetako bat den argazkilariak kokaleku egokiak aurkitu beharko ditu herrian zehar hori irudikatzeko. Argazkilari on batek idazkari bate ere behar du, baita arropa prestatzen dien arduradun bat ere. Jantzi arduradunaren papera Pakita Itxasok beteko du. Beti ezkutuko lana egin du ohi du, eta hainbat urtez oihal atzean ibili ondoren, estreinako igoko da oholtza gainera. Betelanean ibili izan da noizean behin, baina oraingoan pertsonai bati emango dio bizia. Laugarren pertsonaia gure hasieretan antzeztutako Dario Foren ama pasota izango da”.
Pakita Itxasok, hain zuzen ere, bere buruaren gaineko interpretazioa egingo duela azaldu du. Taula gainean azaltzeko gogotsu dagoela aurreratu du. “Beti atzeko aldean ibili izan naiz, baina aurten, papel berezia sortu dute niretzako”.
Esketx txikiez osatutako Argazkiak lana amaitu orduko, azken 25 urteotako ibilbidea laburbiltzen duen argazkien aukeraketarekin borobilduko dute. Denetara, 200 bat argazki proiektatuko dituzte. “Modu horretara, gure 25 urteak lotuta geratzen dira”. Jarraian, Beldurrari aurre egin antzezlana taularatuko dute beste lau pertsonaiak. “Lanaren gai nagusia bortxaketa bat da”.
Amaitzeko, azken 25 urteotan antzeztu dituzten antzerkietako pertsonai esanguratsuenak gorpuztuko dituzte, hogei bat denetara. “Denetakoak ezin ditugu antzeztu, oholtza gainean ez ginateke kabituko eta. Ostalaritza, Markesaren alaba, Hauxen da harrixa, Astigarrabixa, Julieta, Saturraran… antzerkiko pertsonai nagusiak gorpuztuko ditugu”.
Hainbeste aldiz bertsiotu duten Agata, Berriatua dorreko markesaren alaba, da gorpuztuko dituzten pertsonaien artean bereziena Ugarterentzako. Guztien artean “ikurra” dela nabarmendu du. “Askotan erabili dugu Markesaren alaba. 1994an Jon Etxaidek idatzitako Markesaren alaba antzeztu genuen estreinako, baina ordutik, beti ere oinarrizko pertsonaiak gordeta, hainbeste bertsio egin ditugu, era ezberdinetara. Kale antzerki berezia egin genuen, baita bertsio egokitu bat ere, 2013an, 20 urte bete genituenean”.