Arrain kontserba enpresetako langileen lan urraketa salatu dute Berriatuan
LAB sindikatuko sare feministako piketeek protesta egin dute gaur [azaroak 22] Berriatuko Gardotza industrialdean dauden Heisa, Matithor eta Urlapesca arrain kontserba eta merkataritzako enpresen aurrean.
Salatu dutenez, lan kontratu finkoak izatetik, aldizkako kontratu finkoa sinatzera behartu nahi dituzte langileak, “lanik ez dagoenean ez kobratzeko”, eta hori bidegabekeria dela azpimarratu dute. Lan finkoa eta iraunkorra edukitzea eskubidea dela agertu dute, “ez da patronalen esku dagoen kapritxoa”. Egoera beste enpresa guztietara zabaltzeko arriskua dagoela ere ohartarazi dute. “Hau ez da bakarrik enpresa bateri eragiten dion arazo bat. Gure kezka neurria beste kontserba enpresetara zabaltzea da”.
Azaldu dutenez, Heisa arrain kontserba enpresak lan kontratu finkoa duten langileei, aldizkako lan kontratua inposatu nahi die, eta horregatik egin dute protesta. “Neurri horrek dakartzan eskubideen galera izugarria izanik, langileen eguneroko bizitza baldintzatuko du oso-osorik”.
Baina, Heisak ez eze, industrialde bereko Matithor Iberica eta Urlapesca enpresek ere lehenagotik “gatazka bide” bera zabaldu zutela gaineratu dute. “Mathitorren duela hiru bat hilabete ezarri zuten neurria, eta Heisan, duela hilabate bat hasiko ziren. Langileenganako axolagabekeria azken muturreraino esplotatzearen prestutasuna dutela argi eta garbi uzten digute. Langileei euren eskubideei uko egin eta euren beharretara moldatzera eskatzen ere ez dira lotsatu, langileon egunerokotasuna, eskubidea eta etorkizuna lurperatzen badituzte ere. Eta noski, enpresa hauen esana ez onartzea erabakitzen duen langilea kaleratzeko bidean ipintzeko ere prest daude”.
Neurriak hiru enpresetako 50 bat laguneri eragiten diela esan dute. “Heisan zortzi bati, Mathitorren 20 langileri eta Urlapescan, beste horrenbesteri”. Salatu dutenez, proposamena, bereziki, emakumeei egin diete, eta ez gizonezkoei. “Heisa eta Matithorren neurria soilik emakumeei aplikatzea proposatu dute. Urlapescan, ostera, gizon zein emakumeei ezarri diete neurria”.
Kontserba sektorea, hain zuzen, sektore oso feminizatua da, eta emakume asko egoera prekarioan daude. “Ez da kasualidadea. Egoera prekario batean, soldata oso baxuekin, lan finkoa lortzea ia ezinezkoa den esparruan, edo eta finkotasunak berak ere lan duina eta bizi duina edukitzea ziurtatzen ez duen lan esparruan, oraindik ere gehiago prekarizatu nahi gaituzte. Emakume modura ezin dugu onartu horrelako neurriak hartzea. Antza denez, jendeak uste du emakumeon lan soldata etxean osagarria dela, eta onartu ahal dugula gure bizitza baldintzatzea”.
LAB sindikatuak, gaurko ekimenaren bitartez, argi utzi nahi dute ez daudela isiltzeko prest. “Langile emakume inplikatuak defendatzera gatoz eta enpresari zapaltzaileak salatzera. Horrelako kasuen aurrean erantzun berezia ematen saiatuko gara. Gure aurka hartzen diren neurriak, ez ditugu onartzen. Argi utzi nahi dugu Heisa, Matithor edo Urlapesca enpresek inposatu nahi duten lan ereduagaz XIX. mendera eraman nahi gaituztela, enpresen etekinen eta enpresen etorkizunaren aitzakiapean.
Gaurko protestaz gain, aurrerago ere protestak areagotzea ez dute baztertzen. “Lan munduan emakumeen aurkako erasoak non ematen diren idenfitikatzen saiatuko gara, eta horri erantzun bat emango diogu. Emakumeen aurkako neurriak hartzen dituzten enpresariak identifikatuko ditugu, eta agerian utziko ditugu, lotsagarri. Astelehenean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira, egoera hau ere salatuko dugu. Hau ere emakumeen aurkako beste indarkeria bat da”.