Musikariak protagonista egingo ditu gaur Santa Zezilia egunak
Aurretik hasiak badira ere, ohiturari jarraituta, kalera aterako dituzte gaur [azaroak 22] kantuak eta doinuak, Lea-Artibai eta Mutrikuko abesbatza, musika banda eta musika eskolek.
Mutrikuko Musika Banda. Musikarien patroiaren eguna, Santa Zezilia ospatuko dute gaur [azaroak 22] Lea-Artibai eta Mutrikuko musikari eta musikazaleek. Ohiturari jarraituta, kalera aterako dituzte abesbatza, musikari talde eta musika eskolek kantuak eta doinuak.
Aurretik hasi dira kaleak girotzen herri batzuetan, Mutrikuko Musika Eskolako ikasleek astelehenean ospatu zuten eguna, esaterako. Euria zela eta, pentsatu baino motzagoa egin zuten kalejira, eta jokoak bertan behera geratu ziren. Hala ere, ohiko merienda egin zuten aterpean. Ondarroan ere, ia aste osoa daramate Unanue Udal Musika Eskolakoek Santa Zezili ospatzen, Musikalean emanaldia ere eskaini zuten. Atzo [azaroak 21] hasi zituzten ospakizunak Tarine udal musika eskolakoek ere Berriatuan, eta gaur [azaroak 22] Markina-Xemeinen dute hitzordua. Lehen aldiz, gainera, Arretxinagan eskainiko dute Zertzelada Musikala, kalejira txiki bat egin ostean, eta eurekin batera parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.
Beste kontzertu guztiak barruan egiten dituztela eta, Santa Zezilia egunez kalean abestea dute gustuko Markina-Xemeingo Emeki Koraleko kideek. Horrela, alde zaharra eta Kontzekupea girotuko dituzte gaur, abesti alaiekin. Alaitasun hori eramango dute, gainera, datorren zapatuan [azaroak 30] San Roke egoitzara. Emanaldi txiki bat eskainiko diete egoitzako nagusiei meriendaren ondoren.
Ospakizunak, baina, asteburura arte luzatuko dira. Horrela, urteroko ohiturari jarraituta, Santa Zezilia eguneko kontzertua emango dute bihar [azaroak 23], esate baterako, Markina-Xemeingo Kontzekupean Xemeingo Gazte Ahots Abesbatzak eta Xemein Abesbatzak. Ikasturte berriagaz, abeslari berriak batu dira nagusien abesbatzara, atzerritik etorritakoak batzuk, gazteen abesbatzan ibilitako beste batzuk eta parte hartzera animatu diren beste hainbat herritar ere bai. Hazi eta hazi, pozik daude Xemein Abesbatzakoak, eta alaitasun hori erakutsi nahi dute biharko prestatu duten kontzertu berezian. Euskal kantek eta doinu afrikarrek hartuko dute errepertorioaren atal bat, eta gazteek koreografiez lagunduta ere abestuko dutela aurreratu dute. Eta amaitzeko, elkarregaz abestuko dituzte kantu bi.
Herritarrengana hurreratuko dute bihar [azaroak 23] musika bai eta ere Lekittoko Musika Bandak eta Mutrikuko Musika Bandak eskainiko dituzten kontzertuek. Zapatu eguerdian girotuko du Mutrikuko Zabiel Plaza Mutrikuko Musika Bandak urteko kontzertu garrantzitsuenetako batekin. Bazkide guztien artean, gainera, zozketa bat egingo dute kontzertuaren amaieran, eta irabazleak Donostiako Kursaal Jauregian egingo den goi mailako kontzertu baten bi sarrera eta jatetxe batean bi lagunentzako afaria irabaziko ditu. Hurrengoa izango dute biharko programa: Puenteareas (R. Soutullo), La leyenda del beso (Soutullo eta vert), Irurak bat (J.M. Usandizaga), El lago de los cisnes (Tschaikowsky) eta Huapango (Jose Pablo Moncayo).
Nautika aurrera aterako dira, berriz, Lekittoko Musika Bandako kideak Urtzi Iriondo zuzendariaren gidaritzapean, kontzertuen denboraldi berriari hasiera emanez.
Kalejiran ibiliko dira bihar goizean bai eta ere Ondarroako musikariak. Ondarroako Txistulariek eta Ondarroako Metal Taldeak alaituko dituzte herriko txoko denak. Arratsaldean, berriz, herriko taldeak batuko ditu beste behin Ondarroako Andra Mari elizako emanaldi bereziak: Udal musika eskolako Olatukantu korua, Unanue Kamara Korala, Ondarroako Txistulari Taldea eta Kantaize Orfeoia.