Iñakik eta Pellok eta Lakak eta Ubek eskuratu dituzte Master Goxuako finalerdietarako lehen txartelak
Aulestiarren eta soraluzetarren arteko 1. mailako final-laurdenak ordu eta laurden iraun du; bost minututik gorako tantoak jokatu dituzte; 2. mailako finala hasierako tantoetan erabaki da.
Markina-Xemeingo pilotari ohien txapelketak aurrera darrai. Lehen final-laurdenak jokoan egon dira gaur [azaroak 23, zapatua]; finalerdietarako lehenengo txartelak. Ia bi orduko ikuskizunaz gozatu ahal izan dute frontoi txikian bildu diren adin guztietako pilotazaleek.
Iñaki-Pello aulestiarrak eta Unanue-Valera soraluzetarrak atera dira kantxara arratsaldeko lehen partiduan. 16:35 ziren 1. mailako final-laurdena hasi denean. Pilotariek aurreikusita zeukaten partidu gogorra eta lehiatua jokatzea, baina, ziurrenik, ez kantxan ikusi den adinakoa. Bost minututik gorako tanto bat baino gehiago lehiatu dituzte, baina, edozelan ere, fisikoki ondo ailegatu dira amaierara. “Partidu gogorra izan da, ezin elkarri tantorik eginda ibili gara, pilotak ere moteltxoak dira, eta azkenean gakoa izan da ez huts egitea, tematia izatea eta kantxa ondo babestea. Azkenean huts gehien egin dituenak galdu du”, azaldu du Pello Unionabarrenetxea Markina-Xemein Esku Pelota Taldeko entrenatzaileak eta gaurko partiduaren irabazleak.
9-4 joan dira aurretik gorriak; 9na berdindu dute ondorengo tantoetan urdinek, 13-9ra ihes egin dute berriz gorriek, eta 17-13 zihoazenean, min hartu du Unanuek, Iñakiren pilotakada bati erantzun nahian lurrera jausi ostean. Ezker sorbaldari kolpe egin dio, minez. Minutu batzuk geroago, kantxara itzuli, eta partiduko azken tantoa izango zena jokatu du (18-13). Gaurkoa hitzordu polita izan da kantxan egon diren bi jokalarirentzat. Izan ere, Varelak eta Pellok aspaldi elkar ezagutu zuten. 1998an Berrizen jokatu zuten benjamin mailako banakako finala. “Polita izan da elkar topatzea”.
Aurrea begira, irabaztea gaitz egongo dela dio Urionabarrenetxeak: “Orain dela bi hilabete ezin nuen pilota eroan ere egin. Inork baino gehiago ikusi dut nik pilota frontoian, baina ibili ez naiz batere egiten. Gaurko partiduan 5en barruan ibili gara, gure ‘territorioan’. Baina pilotari indar gehiago, abiadura handiagoa ematen dien bikoteak daude txapelketan. Asko ateratzen dutenekin ez dugu erraz edukiko”.
Laka eta Uberuagak (gorri) eta Joanes eta Onagoitiak jokatu dute 2. mailako final-laurdenetako asteburuko lehenengo partidua. Gorriek erraz irabazi dute. Urdinek nahikoa hutsegite egin dituzte hasierako minutuetan; ezin izan dute jokoan sartu, eta gorriek ondo bideratu dute partidua: 18-5eko garaipenagaz, etxebarritarra eta markina-xemeindarra finalerdietan egongo dira.
Domekarako hitzordua. Bihar, azaroak 24, Dani-Zierta eta Peio-Urrutia bikoteen arteko final-laurdena egongo da jokoan 10:30etik aurrera. Ondoren, Etxeta-Elu eta Ibon Arriaga-Etxabe bikoteen txanda izango da, eta azkenik, Perran anaiak eta Zubiria Gomez ariko dira zein baino zein gehiago.