Klasiko eta moderno heldu da Santa Zezili
Euriak eta haize bortitzak baldintzatuta heldu dira musikarien egunaren inguruko emanaldiak. Mutrikun komentuan eta Lekeition Konpainiako elizaren aterpean egin dituzte kontzertuak musika bandek.
Eguraldiak ez du lagundu. Zezilia borraskak eurite eta haize ufada indartsuak ekarri ditu gaur [azaroak 23, zapatua] lehen orduetan, eta, hortaz, eguraldiak baldintzatuta egin dira musikarien eguna ospatzeko iragarrita zeuden goizeko emanaldiak.
Ondarroan, 09:30erako zeukaten jarrita hitzordua txistulari eta metal taldeko kideek Musika Plazan, handik kalejiran abiatzeko. Azkenean, euriak etenik ez zuela ikusirik, plazako aterpean bertan entzun ahal izan dira musikarien doinuak.
Mutrikun, Zabiel Plazatik Santa Katalina komentura lekualdatu dute Mutrikuko Musika Bandaren Santa Zezilia eguneko kontzertua, eta Lekeition, Konpainiako elizaren babesa aurkitu dute Lekitto Musika Bandakoek. “Euria ez bakarrik, dagoen haizeagaz ere ezinezkoa litzaiguke kanpoan kontzertua ematea”, adierazi du Urtzi Iriondo zuzendariak kontzertua hasi aurreko minutuetan.
Nautika aurreko eliza beteta zegoen 12:30ak orduko. Orduantxe hasi da emanaldia, Santa Zeziliaren kalejiragaz, Biribilketa alaiagaz hasi ere. Musika bandaren inguruko txistulariek lagunduta interpretatu dute pieza, eta txaloz erantzun dute eliza betetzen zuten entzuleek. J. Teixidorren Sangre de Artista, G. Gimenezen La Boda de Luis Alonso, G. Verdi eta P. Stalmeierren La forza del destino, R. Allmenden Marche de Paris, Williams eta Mold:Lavenderren Superman March eta Mold:R. Fiengaren Pink Floyd Medley interpretatu dituzte musikariek zuzendari mutrikuarraren gidaritzapean. Klasikotik modernorako piezak; indarrez, sentsibilitatez beterikoak. Hasi bezala amaitu da kontzertua, Santa Zeziliaren kalejiragaz. Txalo zaparradagaz.
20:00etan hasi diren emanaldiekin agurtu dute musikariek eguna: Xemein Gazte Ahots Abesbatzaren eta Xemein Abesbatzaren kontzertuak hartu du Markina-Xemeingo Kontzekupea, eta Ondarroako Txistulari Taldea, Unanue Kamara Korala, Kantaize Abesbatza eta Olatukantu korua entzungai egon dira Ondarroako Andra Mari elizan. Eta azaroaren 30ean, zapatua, Emeki Koralaren eskutik, Zertzelada musikalaz gozatu ahalko da San Roke egoitzan, 17:30etik aurrera.